Euskal Soziolinguistikaren IV. Jardunaldiak egingo dira ostegunean Donostian

Actualizado: miércoles, 30 enero 2013 11:10

DONOSTIA, 30 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskal Soziolinguistikaren IV. Jardunaldiak egingo dira ostegun honetan, urtarrilaren 31n, Donostiako Kursaaleko hitzaldi aretoetan, "Ikasleen jarduna: emaitzen hausnarrean. Arrue Ikerketa" izenburupean. Egitaraua www.soziolinguistika.org/jardunaldia/egitaraua helbidean kontsulta daiteke, antolatzaileek adierazi dutenez.

Soziolinguistika Klusterrak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin eta ISEI-IVEIrekin lankidetzan antolatu ditu 2013ko jardunaldiak, gai nagusi baten inguruan: ikasleen eskolako hizkuntza erabilera. Izan ere, Arrue ikerketan, lehen aldiz Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) bi ikasmailetako ikasle guztien erabilera datuak jaso dira: 9-10 urteko (LMH4) eta 13-14 urteko (DBH2) ikasleenak.

ISEI-IVEIk gauzatzen duen Ebaluazio Diagnostikoaren bidez jasotako datuak dira eta EAEko ikasleek eskolan nolako hizkuntza erabilera duten deskribatzen dute: gelan eta jolaslekuan, ikaskideekin eta irakasleekin. 2011n jasotako datuak dira jardunaldietan aurkeztu eta aztertuko direnak, gaur arte eskolako hizkuntza erabileraren egin den datu jasoketarik handiena.

Bi norabidetako azterketa egiteko aukera emango dute jardunaldian aurkeztuko diren datuek: hezkuntza mundutik gizarteko beste alorretara, eta gizarte orokorretik hezkuntza mundura. EAEn indarrean diren hizkuntza politikak baloratzeko aukera ere emango dute datuek.

2012ko martxoan, Soziolinguistika Klusterrak eta Euskaltzaindiak elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten. Euskararen jakitea, erabilera zein haren aldeko sustapenaren ikerketa, dibulgazioa eta sentiberatzea dira, batez ere, bi erakundeon arteko hitzarmenaren xede nagusiak.