Euskal zinea ikusiko da aste honetan London Spanish Film Festival jaialdian

"La Higuera De Los Bastardos"
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Actualizado: martes, 25 septiembre 2018 14:28

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

Britainia Handiko ikusleek euskal zineak eman dituen ekoizpen berrieneteko batzuk ezagutzeko aukera izango dute, bederatzigarren urtez, asteazkenetik igandera ospatuko den London Spanish Film Festival jaialdian. Etxepare Euskal Institutuak babesten duen "Basque Window" atalean lau film emango dituzte aurten: fikziozko bi luzemetrai, dokumental bat eta film labur bat, guztiak lehen aldiz Erresuma Batuan.

Horrela, Etxepare Institutuak jakinarazi duenez, Ana Murugarren nafarrak zuzendutako "La higuera de los bastardos" (2017) filmarekin hasiko da "Basque Window", ostegunean, irailaren 27an. Saioan Joaquín Trincado ekoizlea egongo da. Bere bigarren filman, Murugarrenek Espainiako Gerra Zibileko falangista baten istorioa kontatzen du. Izuak eta erruak jota, apurka gizona ermitau bihurtuko da. Ramiro Pinilla idazle bilbotarraren "La Higuera" eleberriaren moldaketa da.

Larunbatean, irailaren 29an, "Cuando dejes de quererme" (2018) filmaren txanda izango da. Igor Legarreta zuzendariaren lehenbiziko lana da, eta Laura izeneko emakumea du protagonista. Txikia zela utzi zuen Euskal Herria, ustez, bere aitak abandonatu zuelako. Egun batean dei bat jasoko du: bere aita hilik agertu da, baso batean lurperatuta. Froga forentseen arabera duela 30 urte baino gehiago hil zen, garondoan jasotako tiro baten ondorioz. Laura Euskal Herrira itzuliko da, bere ugazaitarekin, benetan gertatu zena ikertzeko asmoz.

Halaber, Euskal Herriko gastronomiak ere izango du tartea jaialdian. Igandean izango da, irailaren 30ean, "Soul" (2016) dokumentalaren proiekzioarekin. José Antonio Blanco eta Ángel Parrak zuzendutako lanak Eneko Atxa sukaldari bizkaitarra eta Jiro Ono japoniarra ditu protagonista. Japoniara egindako bidaia gastronomikoan, Atxak Jiro Ono ospetsua ezagutuko du, 90 urte dituen sushiaren maisua, baita Tokioko hainbat toki entzutetsu ere, besteak beste, Tsukiji arrain merkatua eta Mibu jatetxe famatua.

"Soul" filmak bere filosofian itxuraz oso ezberdinak diren bi sukaldaritzaren sekretuak arakatzen ditu. Biek jaso dituzte aitorpen handienak: hiru Michelin izar. Dokumentalaren proiekzioaren aurretik Mikel Ruedaren "Caminan" film laburra ikusi ahal izango da.