Euskal Zinema Dokumentalaren II. Astea ospatuko da Gasteizen datorren astean

Euskal Zinema Dokumentalaren II. Astea aurkeztu dute
VITAL FUNDAZIOA
Actualizado: jueves, 29 septiembre 2016 16:48

GASTEIZ, 29 (EUROPA PRESS)

Vital Fundazioak Euskal Zinema Dokumentalaren Astearen bigarren edizioa antolatu du Gasteizen datorren astean, urriaren 3tik 8ra bitartean. Euskadiko profesionalek zuzendutako gai anitzeko sei dokumental ikusteko aukera izango da Vital Fundazioa Aretoan, eta emanaldien ostean, film bakoitzeko zuzendariekin egingo diren solasaldietan parte hartzeko aukera izango dute ikusleek. Saioak 20:00etan izango dira, sarrera dohainik izango da eta eserlekuak bete arte izango da sartzeko aukera.

Ekimenaren aurkezpenean azaldu dutenez, Euskal Zinema Dokumentalaren Asteak protagonismoa eman nahi dio Euskal Zinemaren Astean sartzen zen genero horri. Horrela, jardunaldi bakoitzaren hasieran dokumentalaren aurkezpena egingo da, eta, lana erakutsi ondoren, dokumentalari buruzko solasaldi-eztabaida saioa bideratuko da.

Jaialdiaren antolatzaileek "euskal zinemaren profesionalei laguntzen jarraitzeko" duten konpromisoa azpimarratu dute, "ekoizpen dokumentaletarako huts hutsean den ziklo hau bezalako ekimenen bidez, aurten finkatua, iazko ikusle arrakastaren ostean, edo Euskal Zinemaren Astearen bidez, bere 33. edizioa beteko baitu datorren otsailean". Josune Albizu Vital Fundazioaren zuzendariak gaineratu duenez, "kalitatea duten adierazpen artistikoak laguntzeko erabaki sendoa du erakundeak".

Aurten, gainera, Vital Fundazioak "Mairuelegorreta; iluntasunetik argitasunera" dokumentalaren ekoizpenean parte hartu du, Mairuelegorretako Euskal Jaiaren 50. urteurrena dela eta. Manuel Iradier Txangolari Elkartearekin sinatu duen lankidetza hitzarmenaren bidez, Vital Fundazioak ekoizpen aurrekontuaren %30 jarri du. Hain zuzen, dokumental honen proiekzioarekin amaituko da zikloa.

Euskal Zinema Dokumentalaren II. Astea urriaren 3an hasiko da, Josu Martínez zuzendariaren "Gure Sor Lekuaren Bila" dokumentalarekin. Urriaren 4an, Pablo Irabururen "Walls (Harresiak)" ikusi ahal izango da, eta biharamunean, urriaren 5ean, Pablo Iraburu, Pablo Tosco eta Jorge Martínez Mayoralen "District zero".

Jorgen Leth eta Olatz González zuzendarien "Pelota II" izango da ikusgai urriaren 6an, eta Bego Zubiaren "Sagardoa Bidegile" lanaren txanda izango da hilaren 7an. Azkenik, Euskal Zinema Dokumentalaren II. Astea urriaren 8an amaituko da, Mikel Ezkerroren "Mairuelegorreta; iluntasunetik argitasunera" lanaren emanaldiarekin.