Euskaliten Bikaitasunarekiko Konpromisoaren diplomak jasoko dituzte ostegunean Gasteizen 26 erakundek

Actualizado: martes, 8 febrero 2011 13:47

GASTEIZ, 8 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskalitek Bikaintasunarekiko Konpromisoaren diplomak banatuko ditu ostegunean Gasteizko Artium Zentro-Museoan. Miguel Angel Lujua Mutualiako zuzendari gerenteak, Euskaliteko Presidentziaren ordezkari bezala, 2010ean Euskaliteko kanpo kontrastea gainditu duten sektore desberdinetako 26 erakundeei emango dizkie diplomak.

Halaber, Mutualiak jarraituriko bidea eta lortutako erronkak ere azalduko ditu Lujuak, hala nola Zilarrezko Q-a 2005an, Urrezko Q-a 2008an eta Kalitateari Iberoamerikar Saria 2009an. Ekitaldia arratsaldeko 18:00etan hasiko da.

Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, 15 hezkuntza-zentrok, industriako eta loturiko zerbitzuetako lau erakundek, lau zerbitzu-erakundek, osasun-zentro batek eta herri-administrazioko hiru entitatek jasoko dute diploma.

Kanpo kontrastean, Euskaliteko Ebaluatzaile Klubeko zenbait pertsonak erakunde bateko zuzendaritza taldea laguntzen dute, ideiak eta iradokizunak zein EFQM Bikaintasun ereduarekiko aurrerapenari buruzko balorazioa emanez. Kontrastean, erakunde bakoitzak azken urtetan bere kudeaketa berritu eta hobetzeko eta horrela, bezero, pertsona eta gainontzeko interes taldeen asebetetzea handitzeko buruturiko ekintzak aztertzen dira. 2010. urtean 70 erakundek jaso dute zerbitzu hau eta 26k Bikaintasunarekin Konpromiso diploma lortu dute.

Konpromisoaren diploma Kudeaketaren Kalitateari Euskal Sariaren (Zilarrezko Q eta Urrezko Q) aurreko urratsa da, eta kudeaketaren hobekuntzarako EFQM eredua erabiltzen duten euskal erakundeak eta bikaintasunerantz aurrera egiteko konpromisoa hartu dutenak aintzatesten ditu.

Euskaliteko Ebaluatzaile Kluba sektore guztietako 800 erakundetako 1.857 pertsonek osatzen dute. Pertsona hauek kudeaketari buruzko ezagutza handia dute, EFQM ereduarekin ebaluazioak egiteko prestakuntza jaso dute eta era desinteresatuan laguntzen dute.