Euskalmeten eguraldiaren iragarpena

Actualizado: viernes, 25 febrero 2011 17:59

BILBO, 25 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, bihar, egunak aurrera egin ahala, giroa kaskartuz joango da. Eguraldi politarekin hasiko dugu asteburua, ostarte zabalekin, baina eguerdirako ilunduz joango da.

Fronte bat gerturatuz doan heinean, hodei ilunak iristen joango zaizkigu eta arratsaldean euritara egingo du aroak, bereziki kantauri isurialdean. Araba hegoaldera eta Nafarroa barnealdera, hodeiak iritsiko badira ere, apenas euririk egingo duen. Egunaren bigarren partean, haizea ipar-mendebaldetik finkatu eta zakartuz joango da.

Goizalde fresko baten ostean, 13-16 gradu artean mugituko dira termometroak eguerdi partean, baina arratsaldean giroa hoztuz joango da. Hiriburuetan, Bilbon 7 gradu espero dira gutxienez eta 16 gehienez; Iruñean 5 gutxienez eta 17 gehienez; Donostian 6 gutxienez eta 14 gehienez; Gasteizen 1 gutxienez eta 13 gehienez.

Itsasoan mendebal-osagaiko haizea ibiliko da 3ko indarrarekin, eta egunaren erdiko orduetan ipar-mendebaldetik finkatuko da 4ko indarrarekin. Itsaskirria edo itsaskia eragingo du. Mendebal/ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 2-2,5 metro arteko olatuak altxatuko ditu.

Uraren tenperatura 12-13 gradukoa da eta ikus-eremua lau eta hamar kilometro artekoa izango da. Itsasgorak 10:27an eta 23:08an izango dira, eta itsasbeherak, 3:40an eta 16:37an.