Euskalmeten eguraldiaren iragarpena

Actualizado: jueves, 24 marzo 2011 18:29

BILBO, 24 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, bihar giro atseginarekin jarraituko dugu eta arratsaldean zaparradak bota ditzake. Pasa den egunetan bezala goizean zerua argiago azalduko da baina arratsaldean hodeiak ugaritzen joango dira eta noizbehinka zaparradak bota ditzake. Haizeak hegoaldetik joko du.

Tenperatura 15-20 gradu bitartean kokatuko da. Hiriburuetan, Bilbon 11 gradu espero dira gutxienez eta 20 gehienez; Iruñean 8 gutxienez eta 17 gehienez; Donostian 11 gutxienez eta 20 gehienez; eta Gasteizen 5 gutxienez eta 16 gehienez.

Itsasoan hego-ekialdeko haizea ibiliko da, 2-3ko indarrarekin, goizaldean 4ko tarteekin, eta itsaso kizkurra eragingo du lehenengo bi milietan eta itsaskirria gainontzekoetan. Norabide aldakorreko hondoko itsasoak 0,5 metroko olatuak altxatuko ditu.

Uraren tenperatura 12-13 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da. Itsasgorak 7:17an eta 19:42an izango dira, eta itsasbeherak, 1:03an eta 13:36an.