Euskalmeten eguraldiaren iragarpena

Actualizado: miércoles, 11 mayo 2011 19:00

BILBO, 11 May. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, bihar kaskartu egingo da aroa. Goizean goizetik haizeak itsasaldetik joko du eta hodeiak ekarriko ditu. Zeru lainotuta agertuko da, eta noizbehinka zaparrada arinak botako ditu, egunaren lehengo partean batez ere.

Iparraldeko haizearekin, freskatu egingo du eta nekez gaindituko dute termometroek 20 graduko muga. Hiriburuetan, Bilbon 15 gradu espero dira gutxienez eta 20 gehienez; Iruñean 12 gutxienez eta 21 gehienez;

Donostian 15 gutxienez eta 19 gehienez; Gasteizen 11 gutxienez eta 19 gehienez.

Itsasoan ipar-osagaiko haizea ibiliko da 3ko indarrarekin eta itsaskirria eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro bete inguruko olatuak altxatuko ditu.

Uraren tenperatura 15-16 gradukoa da eta ikus-eremua lau eta hamar kilometro artekoa izango da. Itsasgorak 10:51n eta 23:15ean izango dira, eta itsasbeherak, 4:25ean eta 16:49an.