Euskalmeten eguraldiaren iragarpena

Actualizado: jueves, 9 junio 2011 9:03

BILBO, 9 Jun. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, gaur, eguna aurrera joan ahala, eguraldiak txarrera egingo du berriro. Egunaren lehenengo partean giro lasaiagoa edukiko dugu, hodeiak eta ostarteak zeruan, baina eguerditik aurrera lainoak gailenduko zaizkie urdinguneei eta arratsalde-gau partean zaparrada botatzeko arriskua handia izango da.

Iparraldeko haizea ibiliko da eta tenperatura maximoak 16-18 graduren bueltan geratuko dira. Hiriburuetan, Bilbon 13 gradu espero dira gutxienez eta 19 gehienez; Iruñean 9 gutxienez eta 19 gehienez; Donostian 12 gutxienez eta 18 gehienez; Gasteizen 9 gutxienez eta 18 gehienez.

Itsasoan mendebal-osagaiko haizea ibiliko da, arratsaldean ipar-mendebaldekoa nagusi, 2-3ko indarrarekin, eta itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1,5-2 metro inguruko olatuak altxatuko ditu, eta eguna aurrera joan ahala, jaitsi eta metro bete ingurukoak izango dira.

Uraren tenperatura 18-19 gradukoa da eta ikus-eremua lau eta hamar kilometro artekoa izango da. Itsasgorak 9:11n eta 21:32an izango dira, eta itsasbehera, 15:32an.