Euskaltel Euskadi Lonbardiako Giroan izango da bihar, Samuel Sanchez buru duela

Samuel Sanchez izango da Euskaltel Euskadiko buru Lonbardian
Getty
Actualizado: viernes, 14 octubre 2011 18:20

BILBO, 14 Oct. (EUROPA PRESS) -

Euskaltel Euskadi txirrindularitza taldeak 2011ko denboraldiko azken du bihar, urriaren 15ean, UCI World Tourreko azken lasterketa izango den Lonbardiako Giroan. Samuel Sanchez izango da taldeburu, eta asturiarrarekin batera izango dira Igor Anton, Mikel Nieve, Amets Txurruka, Mikel Astarloza, Mikel Landa, Alan Perez eta Ion Izagirre.

Samuel Sanchez bigarren izan zen Lonbardiako Giroko 2006ko eta 2009ko edizioetan eta hirugarren 2007koan, eta amaiera ona eman nahi izango dio euskal taldeak egin duen denboraldi bikainari, Tourrean, Giroan eta Vueltan etapa garaipen bana eta Tourreko Mendiko sailkapena irabazi ondoren.

Azken urteetan ere Euskaltel Euskadi Lonbardiako garaipenaren borrokan aritu izan da. Horrela, 2010eko edizioan, Philippe Gilbertek irabazi zuen lasterketan, Samuel Sanchez eta Mikel Nieve seigarren eta zazpigarren izan ziren, hurrenez hurren.

25 talde parte-hartzaileek Milanetik abiatuko den 240 kilometroko ibilbide gogorrari egin beharko diete aurre, bost mendaterekin. Gogorrena eguneko lehena izango da, Valcava, 78. kilometroan; ia 12 kilometroko igoera da, %8ko batez besteko aldaparekin, handiena %17koa izanik.

Ondoren etorriko dira Colle Brianza (122.km), Colma di Sormano (159.km) eta Madonna del Ghisallo (195.km). Garaipena Salita di Ello azken mendatean erabakiko da seguruenik, helmugatik bederatzi kilometrora. Hiru kilometroko mendate laburra da, %7,4ko batez besteko aldaparekin, Leccon izango diren azken metroen aurretik.