Euskaltel-Euskadik bihar aurkeztuko du Donostian 2011ko taldea

2011ko Euskaltel-Euskadi
EUSKADI TXIRRINDULARITZA FUNDAZIOA
Actualizado: miércoles, 2 febrero 2011 12:34

DONOSTIA, 2 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldeak bihar egingo du 2011ko denboraldiko taldea aurkezteko ekitaldi ofiziala, arratsaldeko 19:00etan, Donostiako Antzoki Zaharrean, euskal taldeak bere webgunean jakinarazi duenez.

Euskadi Txirrindularitza Fundazioak 23 txirrindularirekin ekingo dio bere 18. denboraldiari nazioarteko pelotoian, Igor Gonzalez de Galdeano manager nagusi eta Gorka Gerrikagoitia, Alvaro Gonzalez de Galdeano eta Josu Larrazabal kirol zuzendari direla.

Ekitaldian urte honetan fitxatu diren hiru txirrindulari berriak ere izango dira: Française des Jeux taldetik datorren Pierre Cazaux eta Orbea Continentaletik igo diren Mikel Landa eta Jon Izagirre.

Hiru fitxaketa berriekin batera egongo dira taldean Samuel Sanchez, Igor Anton, Egoi Martinez, Romain Sicard, Iñaki Isasi, Gorka Izagirre, Amets Txurruka, Gorka Verdugo, Koldo Fernandez de Larrea, Jorge Azanza, Juanjo Oroz, Alan Perez, Ruben Perez, Ivan Velasco, Javier Aramendia, Jonathan Castroviejo, Miguel Minguez, Mikel Nieve, Daniel Sesma eta Pablo Urtasun.

Euskaltel-Euskadik hiru itzuli handiak jokatuko ditu aurten: Frantziako Tourra, Italiako Giroa eta Espainiako Vuelta. Gainera, aurreko denboraldia errepikatzeko edo gainditzeko erronka izango du aurrean, taldeko marka guztiak apurtu baitzituen iaz, zortzi txirrindularik lorturiko 17 garaipenekin.