Euskaltel Euskadiren Frantziako Tourrerako taldetik kanpo geratu da Koldo Fernandez de Larrea

Koldo Fernandez de Larrea ez da Frantziako Tourrean izango
JOSE MIGUEL LLANO
Actualizado: lunes, 20 junio 2011 16:24

BILBO, 20 Jun. (EUROPA PRESS) -

Koldo Fernandez de Larrea arabarra ez da Euskaltel Euskadik Frantziako Tourrera eramango duen taldean izango eta Pablo Urtasunek eta Gorka Izagirrek debuta egingo dute. Frantziako Tourra uztailaren 2an hasi eta 24an bukatuko da, eta euskal taldeak hamaikagarren urtez jarraian parte hartuko du.

Modu honetan, Samuel Sanchez, Egoi Martinez, Gorka Verdugo, Amets Txurruka, Ruben Perez, Ivan Velasco, Alan Perez, Pablo Urtasun eta Gorka Izagirre izango dira Frantziako Tourreko 98. edizioaren irteeran, Vendee eskualdean.

Etapa bat irabaztea da "oinarrizko helburua", Igor Gonzalez de Galdeano taldeko manager nagusiak adierazi duenez. "Hor dagoen ametsa da eta oraingoan lortu egin behar dugu", gaineratu du.

"Badakigu Tourrean munduko txirrindulari onenak elkartzen direla, eta historialagatik, gure aurretik egongo diren izenak daude, baina podiumarekin ere amesten dugu", azaldu du.

Frantziako Tourrak 23 kilometroko taldekako erlojuz kontrakoa sartu du 98. edizioan. Horregatik, Euskaltel Euskadiko bederatzi txirrindulariak Gasteizen bilduko dira modalitate hori entrenatzeko. Igor Gonzalez de Galdeanoren zuzendaritzapean, erlojuz kontra bizikletekin egingo duten lan-saioa ekainaren 22an izango da Arabar Errioxan. Taldea 10:30etan abiatuko da Guardiako Launa Upategietatik eta hiru ordu inguruko entrenamendua egingo du.