Euskaltel Life abiarazi du Euskaltelek, Internetera konektatutako gailu adimendunik onenak ezagutarazteko

Actualizado: martes, 29 julio 2014 13:07

BILBO, 29 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskaltel konpainiak Euskaltel Life martxan jarri berri du, erabiltzaileei Internetera konektatutako gailu adimendunik onenak ezagutarazteko eta haien eskura jartzeko. Kontzeptu "berritzaile" honekin, Euskaltelek bezeroei lagundu egin nahi die teknologia berrien erabileran eta, hala, "teknologia horiek demokratizatu nahi ditu", telekomunikazioen euskal operadoreak jakinarazi duenez.

"Atera zukua bizitzari, Interneten eta teknologia berrien bidez" goiburupean, proposamen berriak aukera ematen die erabiltzaileei "soinean eraman daitezkeen gailuen munduan sartzeko": erlojuak, eskumuturrekoak eta kamerak, eguneroko bizitzan lagungarri diren aplikazioetara konektatuak. "Gauzen Internet" deritzona edonoren esku jartzen da hala, "eta Internetera konektatzen diren gailuak ez daude jada egunerokotik urrun".

Euskaltel Life eskaintzarekin, Euskaltelek "beste pauso bat eman du" teknologia berrien onurak bere bezeroen artean zabaltzeko. Horretarako, produktuen katalogo berritzaile bat osatu du; produktuok ordainketa bakarrean edo epeka ordaindu daitezke, mugikorreko tarifa finkoa kontratatuz gero.

Pauso hori emateko, lehen mailako markak aukeratu ditu Euskaltelek, beren jarduera eremuan ere lider direnak eta mundu mailako kalitateko irtenbideak eskaintzen dituztenak: Nike, Sony, GoPro eta Fitbit.

Zehazki, Nike+Sportwatch GPS eskuratu dezakete bezeroek. Erloju horrek GPSa dakar, eta ibilbideak grabatu egiten ditu erabiltzailea lasterka egitera ateratzen denean eta entrenamenduak eta erronka berriak prestatzen dituenean. Smartphone eta ordenagailurako aplikazio bat ere badu, emaitzen segimendua egiteko eta eguneroko bilakaera ikusteko. Lasterketaren erritmoa eta erretako kaloriak kontrolatzen ditu, eta bihotzaren erritmoa monitorizatzen du, besteak beste.

Euskaltel Life eskaintzan sartutako beste gailu bat Sony SmartWatch SW2 da, ukipen pantaila duen erloju adimenduna. Bere aplikazioei esker, telefono mugikorrek dituzten funtzio asko zuzenean eskumuturrean izan daitezke. Besteak beste, erabiltzaileek hauek egin ahal izango dituzte: mugikorra atera aurretik ikusi nork deitzen duen, mezuak zuzenean erlojuan irakurri edo kirol entrenamendurako aplikazioak erabili, mugikorraren bila ibili beharrik gabe. Gainera, erloju honek 400 aplikazio ditu eskuragarri Androiden Playstoren.

BIZI KALITATEA

Halaber, Euskaltel Life katalogoak modan dagoen elementu bat du: Fitbit Flex eskumuturrekoa. Pausoak eta erretako kaloriak neurtzen ditu, loa kontrolatzen du, eta iratzargailu isil gisa jarduten du, bibrazio bidez. Osagarri horrek, gainera, Fitbit Aria baskula dakar berekin, WiFi bidez konektatzen drna. Pilatutako datuekin, eskumuturrekoak aholkuak ematen dizkio erabiltzaileari jarduera fisikoari, elikadurari eta loari buruz, smartphonearen edo ordenagailuaren bidez.

Wearables gailuekin batera, beste batzuk ere badaude, aisialdirako eta kirol jarduerarako oso egokiak; adibidez, bereizmen handiko kirol kamerak. Euskaltelek GoPro Hero3 White Edition jarri die eskuragarri bere bezeroei; hain da txikia, ezen ahurrean sartzen baita. Urari eta kolpeei eusten die, eta ezin hobea da oporretarako. Smartphonera eta ordenagailura konektatzen da WiFi bidez, bideoak editatu eta partekatu ahal izateko.

Gailu berriak, komunikatzeko modu berriak eta erabilgarritasun berriak agertu ahala, Euskaltelek bere eskaintzan sartuko ditu, bezeroei haiek erabiltzeko aukera emateko eta "ikaragarrizko indarra duen" Gauzen Internet merkatuko azken joeren berri emateko.

Indar horren erakusgarri, informazio teknologikoan espezializatutako aholkularitza enpresa batzuek datu hau nabarmendu dute: etorkizun handieneko hamar joeretako bat Gauzen Internet dela identifikatu dute, eta 2025ean 6.200 milioi dolarreko eragin ekonomikoa izan dezakeela kalkulatu. Zenbatespenen arabera, urte horretan bilioi bat gailu egon daitezke konektatuta.