Euskaltelek eta Orkestrak ekonomia digitala bultzatzeko elkarlana berritu dute

Euskalteleko eta Orkestrako ordezkariak
ORKESTRA
Actualizado: lunes, 12 junio 2017 11:52

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Alberto Garcia Erauzkin Euskaltel konpainiako presidenteak eta Ignacio Mª Echeberria Orkestra Deustuko Unibertsitateko Lehiakortasunaren Euskal Institutuko presidenteak bi erakundeen arteko lankidetza berritzeko hitzarmena sinatu dute, 2020. urtera arte. Modu honetan, Euskaltelek Orkestraren ikerketa jardueren aldeko apustua indartu du. Horretarako, datozen lau urteetan Orkestrari laguntzeko konpromisoa berritu du Euskaltelek eta Ekonomia Digitaleko Katedraren garapena bultzatuko du.

Orkestrak Euskadiren etorkizuneko hamar erronka nagusien inguruan prestatu zuen manifestuan, "ekonomia digitala alderdi kritikotzat hartzen zen, gure lurraldearen lehiakortasunari laguntzeko". Ildo horretan, Euskaltelek "egokitzat" jo du Orkestrak bultzatutako ikerketa eraldatzaileko prozesuetan parte hartzea.

Deustuko Unibertsitateko iturriek jakinarazi dutenez, Euskaltel Orkestraren "global partner" bat da 2006tik, insitutuaren sorreratik bertatik, eta ikerketa jarduerak eta eraldaketa prozesuak bultzatzen ditu, Euskadiren lehiakortasuna eta herritarren ongizatea hobetzeko.

"Ekonomia digitala bultzatzea estrategikoa da Euskadiren ekonomia eta gizarte bilakaeran", adierazi du Ignacio Mª Echeberria Orkestrako presidenteak. Horrela, digitalizazio prozesuei lotutako jarduera berriei eta digitalizazio horrek ekonomian eta gizartean duen eraginari lotuta, Orkestrak euskal ekonomia errealitatearen ikuspegi osoagoa eskaintzeko konpromisoa hartu du.

DIAGNOSTIKOA

Gaur egun, Orkestra ekonomia digitalak Euskadin duen garapenari buruzko lehenengo diagnostiko orokorra egiten ari da. Ikerketa horren emaitzek aukera emango dute egoera zein den jakiteko eta, datu horietatik abiatuta, esparru horretan Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) lehiakortasuna bultzatzeko garapen ildoak zehazteko.

Euskaltelek, telekomunikazioetako eta ekonomia digitaleko sektoreko enpresa nagusietako bat izanik, Orkestrak sorreratik aurrera eraman dituen jarduerak "garrantzitsuak" direla aitortu du eta "beharrezkoa" ikusten du erakundeari laguntzen jarraitzea, enpresekin, inguruko gizarte eta erakundeekin, eta nazioarteko bikaintasun zentro nagusiekin lotuta dagoen jakintza zentro bat baita.

"Euskaltelek gure herrialdearen ekonomia eta gizarte garapena laguntzeko lan egiten du. Horregatik eskaintzen diogu gure babes osoa Orkestrari, Euskadiren lehiakortasuna indartzeko ikerketa eraldatzailea egin dezan, gure xedearekin bat", adierazi du Alberto Garcia Erauzkinek.