Euskaltelek software enpresen SaaS soluzioak kokatu eta ustiatzeko plataforma sortzeko proiektua gidatzen du

Actualizado: miércoles, 9 marzo 2011 13:28

BILBO, 9 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskaltel buru duen Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) enpresa eta erakunde teknologikoen partzuergo bat lanean hasi da "Smart Work" proiektuan. Egitasmoaren xedea plataforma bat garatu eta martxan jartzea da, software enpresek beren "Software as a Service" (SaaS) soluzioak modu zentralizatuan kokatu eta ustiatu ahal ditzaten.

SaaS software banaketa ereduaren merkatua nabarmen hazten ari da ohiko merkatuen aldean, Euskalteleko iturriek adierazi dutenez.

Banaketa sistema honetan programaren erabiltzailea den bezeroak ez dauka softwarea zerbitzarian kokatu beharrik, eta haren ordez enpresa hornitzaileak kokatzen ditu programa eta erantsitako datuak zerbitzarietan, eta bezeroak egiten duen erabilera (zerbitzua) fakturatzen du.

Beraz, negozio eta balio eredu berria da, hor kontsumitzen direnak ez dira produktuak (programak) baizik eta haiek erabiltzea (zerbitzuak), eta enpresa erabiltzailearen informazio sistemen malgutasuna, eskalagarritasuna eta eraginkortasuna handitzen dira.

"Smart Work" proiektuak plataforma bat eratu nahi du software enpresek beren aplikazioak kokatu eta azken bezeroei eskaintzeko, sinergiak sortuz eta balio erantsi handiko zerbitzuak ustiatzeko ingurua eratuz. Plataformak harremanetan jarri ahal izango ditu beren bezeroei zerbitzuak eskaintzen dizkieten enpresak, eta hala erraztu egingo da zerbitzuak salerostea, bai digital hutsak, bai internet bidez eskaintzen diren zerbitzu tradizionalak.

Hasiera batean, proiektuan parte hartzen duten SaaS soluzioak garatzen dituzten enpresek erabiliko dute plataforma, eta ondoren, interesa duten beste konpainia batzuei zabalduko dizkiete ateak.

Euskaltelek gidatutako proiektuan -28 bat hilabete iraungo duela aurreikusi da- Bilbomática, Deusto Sistemas, Entel-Ibai, Grupo SPYRO, Anboto, Irontec, Web Alianza, Igarle eta Aner enpresek parte hartzen dute, GAIA-Cluster TEIC, Tecnalia, Tecnológico Deusto eta Vicomtech daude.

"SMART WORK"

"Smart Work"-ek esparru bat eskaintzen die enpresei, software aplikazioen eredu tradizional batetik zerbitzuetan oinarritutako eredu baterako aldaketa egiteko, negozio, metodologia eta teknologia arloak kontuan hartuz.

Halaber, azpiegitura teknologiko bat ere eskaintzen die, zerbitzuak argitaratzea errazteko, elkarreragingarritasun, segurtasun, kautotze, monitorizazio, eta beste funtzionaltasun oinarrizkoak dituena. Zerbitzu multzo bat ere ahalbidetzen du, bere baitan dituen zerbitzuak kudeatzeko, batez ere erregistratzea, publikatzea, bilatzea eta zerbitzuak eratzea.

Azkenik, enpresek zerbitzu multzo bat ere izan ahalko dute, diziplina anitzeko lantaldeak, geografian sakabanatuta daudenak lankidetzan aritzeko. "Smart Work" jardueraren gobernantza eta monitorizazio (Business Intelligence) zerbitzu multzoa eskaintzen die.