Euskalteleko langileek 9.125 euro eman dizkiote Caritasi

Caritaseko eta Euskalteleko ordezkariak
Foto: EUSKALTEL
Actualizado: lunes, 27 febrero 2012 15:20

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

   Euskaltelek bere langileek Gabonetan egindako ekimen solidarioetan bildutako 9.125 euro eman dizkio Bilboko Elizbarrutiko Caritasi. Aurten, Euskalteleko langileak protagonista dituzten egutegiak saldu dira eta bazkari solidario bat egin zen. Enpresako langile gehienek hartu zuten parte bazkarian.

   Bigarren urtez jarraian, Euskalteleko langile askok hartu zuten parte Egutegi Solidarioaren prestaketan: taldeak osatu zituzten, eta aukeratutako hilabetearen arabera "mozorrotu" ziren. Langileen artean saldu ziren egutegiekin, 2.425 euro lortu ziren.

   Gabonetako Bazkari Solidarioa, bestalde, hirugarrena izan zen. Aurreko bi urteetan bezala, Euskalteleko langileak mahaiaren inguruan elkartu ziren Gabonak partekatu eta ospatzeko, eta han bildutako dirua premia handiena dutenei helarazteko. Ekimen harekin, 6.700 euro bildu ziren. Izan ere, langileek emandako diru guztia laguntzarako izan zen, enpresak bere gain hartu baitzituen ekitaldiko gastu guztiak. Bazkari Solidarioan bertan aukeratu zen, zozketa bidez, dirua zer erakunderi eman.

   Harreman Instituzionaletako zuzendari Nerea Lupardok gaur goizean eman dio dirua Bilboko Caritaseko zuzendari Mikel Ruizi, Bilboko Hontza zentroan erabiltzeko. Euskaltelen izan da Mikel Ruiz, eta zera esan du: "Ongi egituratutako gizarte moderno eta osasuntsu batek pertsona ahulenak babesteko sistema batzuk izan behar ditu. Denok hartu behar dugu parte eginkizun horretan: administrazio publikoak, lehenik, eta enpresak, erakundeak eta herritar guzti-guztiok, bigarrenik".

   Bestalde, Nerea Lupardok, Euskalteleko langile guztien ordezkari gisa, ekimen solidario hau oso garrantzitsua dela nabarmendu du, premia handiena duten herritarrekiko elkartasuna adierazten baitu. "Euskaltelek, gizarteari konektibitatea eskaintzen dion enpresa den aldetik, obligazioa du gizartearen beharrei erantzuteko eta talde ahulenekiko zubi-lana egiteko", esan du.

ERANTZUKIZUN SOZIALA

   Euskaltelek elkartasunezko hainbat ekintza jarri ditu abian langileen kezkei erantzuteko, eta langile batzuk dagoeneko lanean ari dira ekimen sozialetan. Hori dela eta, badira zenbait urte konpainiako langileak partaide dituen elkarteentzako eta GKEentzako ekintzak egiten direla urteko garai jakin batzuetan. Iaz, Intervida fundazioarentzat izan zen bildutako dirua. Aurreko urteetan, berriz, Vicente Ferrer fundazioa, Comparte fundazioa eta Berrizko Mesedetako Misiolariak izan ziren solidaritate-ekintzaren onuradunak.

   Hain zuzen ere, Euskalteleko langileek urte osoan zehar parte hartzen duten erakunde eta elkarteek osatzen dute gure ahaleginak bideratzeko erakundeen zerrenda. Urte bakoitzeko GKEa zozketa bidez aukeratzen da, bazkari solidarioan.

   Enpresa jasangarri eta iraunkor gisara sendotzen laguntzen duen kudeaketa-filosofia da Enpresaren Erantzukizun Soziala (EES), Euskaltelen ustez. Hor garatzen dira konpromisoak, eta gardentasuna funtsezko balio bihurtzen da. Hori dela eta, EESeko politika enpresaren estrategian txertatu du.

   Bestalde, Hontza zentroak _hari emango baitio Caritasek Euskaltelen dohaintza_ gizartetik baztertuta bizi diren drogazaleei bizi-kalitatea hobetzen laguntzea du helburu. Bilbon du egoitza erakundeak, Bilbo Zaharra, Atxuri eta Zazpi Kaleak elkartzen diren tokian. Caritaseko hezitzaileak eta boluntarioak lan hau egiten dute Hontzan: drogazaletasunak jendeari eragindako kalteak eta arriskuak murrizten saiatzen dira, eta auzo horietako komunitatean drogazaletasunak duen eragin soziala txikiagotzen.