Euskaltzaindiak 682 forma berri gehitu dizkio bere Hiztegiari

Euskaltzaindiaren Hiztegia, sarean
EUSKALTZAINDIA
Actualizado 2018/07/13 14:44:31 CET

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak 682 forma gehitu zaizkio bere Hiztegiari. Zehazki, 517 sarrera eta 165 azpisarrera berri sartu dira Hiztegiaren bertsio elektronikoan (www.euskaltzaindia.eus), eta beste 381 zuzendu eta osatu. Aurrerantzean, urtean bizpahiru aldiz eguneratuko da Hiztegiaren bertsio elektronikoa, Akademiak jakinarazi duenez.

2016an, paperean eta sarean aurkeztu zen Euskaltzaindiaren Hiztegi berria, eta azken aldaketa garrantzitsuak aurtengo otsailean egin ziren. Otsailetik, forma asko aztertu ditu Hiztegiaren Batzorde ahaldunduak, aldaketa ugari proposatuz. Aldaketa hauek azken lau hilabeteotan egin diren osoko bilkuretan aurkeztu eta onartu dira. Euskaltzain osoek zerrenda horiek ontzat eman dituzte eta, ondoren, Hiztegiaren bertsio elektronikoan ezarri dira.

Horrela, sarrera berri aipagarrien artean daude ahobatezkotasun, beganismo, bidegorri, blog, blogari, brigadista, burka, buxatu, desizoztu, ehorztetxe, endekapen, etxegabetu, flysch, gay, gospel, hasieratu, iktus, ilegalizazio, imajinario, jasangarritasun, jihadista edo pexmerga.

Azpisarreren artean, aldiz, berri aipagarriak dira azelerazio angeluar, debuta egin, droga(-)mendekotasun, errugabetasun(-)presuntzio, eskola(-)jazarpen, genero(-)indarkeria, herri(-)galdeketa, hiri(-)hondakin, hitzarmen kolektibo, inguruabar aringarri, inguruabar astungarri, Jehovaren lekuko, kultur etxe, edo urruntze(-)agindu.

EUSKALTZAINDIAREN HIZTEGIA

"Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak" egitasmoari 2006an eman zitzaion hasiera, Hiztegi Batuaren 2000. urteko argitalpenean oinarriturik. Horrek 2012an paperean argitaratu zen Euskaltzaindiaren Hiztegia eman zuen. Ondoren, Hiztegi Batuaren bigarren itzuliko formen artikuluak landu ziren eta lehen argitaraldiko hainbat sarrera eta azpisarrera berrikusi eta osatu ziren.

Euskaltzaindiaren Hiztegia 2016ko urrian sareratu zen lehenengo aldiz. Ondotik, beste hitz asko osatu eta zuzendu dira. Azken bertsio elektroniko honetan, 38.409 sarrera, 7.150 azpisarrera eta 62.519 adiera daude guztira.

Euskaltzaindiaren Hiztegia hiztegi arauemailea da, 1991n hasi, eta etengabe, adieraz, adibidez eta azpisarreraz hornitzen dena. Tradizioan eta egungo corpusetan oinarriturik, hitz bakoitzari dagozkion adibide argigarriak eskaintzen dizkio erabiltzaileari. Gainera, formak arautzeko baliatu diren datu eta argibideetara, Hiztegi Batu Oinarridunera, eta adibideen iturri izan diren Orotariko Euskal Hiztegira, XX. mendeko euskararen corpus estatistikora eta Lexikoaren Behatokira zuzenean jotzeko bidea ere ematen dio.