Euskaltzaindiak Altsasuko Iñigo Aritza ikastola bisitatu du

Haritz bat landatu dute ikastolan
IKASTOLEN ELKARTEA
Actualizado: viernes, 21 septiembre 2018 13:04

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak Nafarroa Oinez antolatuko duen ikastola bisitatu du ostiral honetan, ohiturai eutsiz. Hain zuzen, Akademiak Altsasuko Iñigo Aritza ikastolan izan da, eta, ikastolako eta Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkariekin batera, Iñigo Aritza ikastola osatzen duten lau herrietako ordezkariak izan dituzte zain Euskaltzaindiko zuzendaritzako kideek. Horrela, Altsasu, Urdiain, Ziordia eta Olaztiko alkateek eta Sakanako Mankomunitateko lehendakariak harrera egin diete Akademiako kideei.

Goiza ikasleen artean hasi dute Euskaltzaindiko kideek, eta Iñigo Aritza ikastolako geletan ikasleekin egoteko aukera izan dute, baita haiek egin dituzten galderak erantzuteko beta ere. Haurrek Akademiaren inguruan dituzten zalantzak argitu ahal izan dituzte zuzenean euskaltzainei galdetuz.

Gainera, goizean izandako bisitaldian haritz bat landatu dute. Horrela, haritzez inguraturik dagoen ikastolako jolastokian beste zuhaitz bat gehiago egongo da aurrerantzean, eta Euskaltzaindiaren mendeurrena gogoratuko du. Ikastolak ere opari bat eman dio Akademiari, beste haritz bat, baina, kasu honetan, txikia: bonsai bat.

Altsasutik Olaztira joan dira euskaltzainak. Bertan, udalek egindako harrera ekitaldian, Sakanako toki entitateetako ordezkariek Miren Ustarrozen artelan bat oparitu diote Euskaltzaindiari: jentil harri bat, Aralarren dagon Hartzabalen gisakoa. Ondoren, hileroko batzarra egin dute bertan. Bukatutakoan, Urdiainen izango dute otordua eta, azkenik, Sakanako herri horretan dagoen errota zaharra bisitatuko dute.