Euskaltzaindiak erakusketa birtual bat antolatu du Azkue Bibliotekako ondarea ezagutarazteko

Azkue Bibliotekako altxorretako bat
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: jueves, 14 junio 2018 12:42

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak erakusketa birtual bat estreinatu du Azkue Bibliotekako ondarea agerian jartzeko eta ezagutarazteko asmoz. Oraingoz, zazpi libururen ezaugarri eta bitxikeriak izango dira lehen eskaintza, https://azkuebiblioteka.euskaltzaindia.eus helbidean, berariaz diseinatu den banner batean.

Akademiak gogoratu duenez, 1919an sortu zen Euskaltzaindiaren Biblioteka, eta 1978an Azkue Biblioteka izena eman zitzaion, lehen euskaltzainburuaren omenez. 2011. urtetik, Azkue Biblioteka eta Artxiboa zerbitzua deitzen da, hain zuzen, Akademiak hasieratik bere ondarea euskal gizartearen eskura jartzeko duen gogoaren eta borondatearen erakusgarri.

Azkue Bibliotekaren funtsak Euskal Herriari buruzkoak dira, zentzu zabalean, "haren bihotza beti euskara dela". Bilboko egoitza nagusian dago Azkue Biblioteka, eta astelehenetik ostiralera egoten da zabalik, 09.00etatik 14.00ak arte. Dena den, Akademiaren egoitza nagusira hurbildu barik ere kontsulta daiteke Bibliotekako katalogoa.

Orain, gainera, erakusketa birtuala estreinatu du Euskaltzaindiak, bere katalogoko sei liburu nabarmenduz. Etorkizunean, liburu berriak gehituko zaizkio erakusketa birtualari. Erakusketa birtualaren helburu orokorra Euskaltzaindiaren ondarea agertu eta ezagutaraztea litzateke, hots, Akademiaren Azkue Biblioteka eta Artxiboa zerbitzua ezagutzera ematea, Euskaltzaindiak gordetzen dituen ale esanguratsu batzuen eskutik.

Momentuz, zazpi liburu aukeratu dira. Horrela, Joanes Leizarragaren (1571) "Iesus Christ gure Iaunaren Testamentu Berria" (Rochellan argitaratua, 1571n), Silvain Pouvreau-ren (1665) "(Combattimento spirituale) Gudu espirituala/ Siluain Pouureau apezac escaraz emana" (Parisen argitaratua, 1665ean), eta Manuel Larramendiren (1728) "De la antiguedad, y universalidad del bascuenze en España: de sus perfecciones, y ventajas sobre otras muchas lenguas" (Salamancan argitaratua, 1728an) eta "El impossible vencido: arte de la lengua bascongada" (Salamancan argitaratua, 1729an) daude erakusketa birtualean.

Halaber, Humboldten eta Unamunoren (1889) "(Reiseskizzen aus Biscaya) Bocetos de un viaje a través del País Vasco" (Guillermo de Humboldt; Miguel de Unamunok itzuli eta idatzi zion hitzaurrea, 1889), Joakin Lizarragaren (1846) "Urteco igande guztietaraco platicac edo itzaldiac" (Donostian argitaratua, 1846an), eta Frai Bartolome de Santa Teresaren (1816) "Euscal-errijetaco olgueeta, ta dantzeen neurrizco-gatz-ozpinduba" (Iruñean inprimatua, 1816an) lanak ere kontsulta daitezke.