Euskaltzaindiak eta Eusko Ikaskuntzak bien arteko harremanak sendotuko dituzte

Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza bildu dira
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: jueves, 10 enero 2013 15:25

BILBO, 10 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskaltzaindiaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko bilera egin da ostegun honetan, urtarrilaren 10ean, Akademiaren Bilboko egoitzan, eta, beste gai batzuren artean, bi erakundeen arteko harremanak sendotzeko borondatea erakutsi dute.

Eusko Ikaskuntzaren aldetik, Iñaki Dorronsoro erakundeko presidenteak, Rosa Miren Pagola presidenteordeak eta Arrate Arín zuzendariak parte hartu dute bileran, eta Euskaltzaindiaren aldetik, Andres Urrutia euskaltzainburua, Xabier Kintana idazkaria, Joseba Zabaleta kudeatzailea eta Erramun Osa idazkariordea egon dira.

Euskaltzaindiak jakinarazi duenez, bileraren helburuak, Eusko Ikaskuntzako presidentearen aurkezpena egitea, Eusko Ikaskuntzaren aurrera begirako egitasmoaren nondik-norakoak azaltzea eta Euskaltzaindiak aurrerantzean garatu nahi dituen ildo nagusien berri ematea izan dira, besteak beste.

Horiek horrela, Eusko Ikaskuntzako arduradun berriek 2012-2016 aldian garabidean jarri nahi duten kudeaketa egitasmoaren azalpenak eraman du denborarik luzeena. Bileraren amaieran, bi erakundeetako arduradunek elkarren berri izateko eta harremanak sendotzeko borondatea ere erakutsi dute.