Euskaltzaindiak eta UEUk bost urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute

Andres Urrutia eta Iñaki Alegria
UEU
Actualizado: jueves, 23 noviembre 2017 13:17

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) bost urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute. Euskararen eta euskal kulturaren sorkuntza, sustapen, garapen eta zabalkunderako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da bi erakundeen arteko elkarlana.

Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Iñaki Alegria UEUko zuzendariak sinatu dute bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena, Akademiaren Bilboko egoitzan egin den ekitaldian.

Euskaltzaindiaren eta UEUren arteko lankidetzaren xedeak dira euskaraz ekoizten dena biltzea, sailkatzea eta ezagutaraztea, eta euskaraz diharduten ikertzaile, sortzaile eta, oro har, emaile guztiak harremanetan jartzea, euskararen normalizazioa eta, bereziki, unibertsitate mailako jakintza arlo bakoitzaren euskararen normalizazioa sustatzeko.

Horrela, bi erakundeek borondatea adierazi dute bakoitzak bere aldetik egiten dituzten hainbat jarduera lankidetzan garatzeko, batak besteari egindako lana aitortuz. Zehazki, UEUk Euskaltzaindia erakunde aholkulari ofizialtzat aitortu du euskararen arloan, eta Euskaltzaindiak UEUk bereziki eremu unibertsitarioan euskararen biziberritzean egindako lana, euskarazko ikerkuntza eta zabalkundea sustatuz, askotarikoa testuak sortuz eta irakasleak prestatuz.

Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia elikatzeko asmoz, UEUk argitaraturiko euskarazko testu multzoaz baliatzea adostu dute. Lexikoaren Behatokia egitasmoaren xedea da corpus monitore bat, lematizatua, etiketatua eta linguistikoki anotatua prestatzea. Euskaltzaindia, UZEI, Elhuyar eta Ixa taldea dira egitasmoaren garatzaileak. Hainbat eragilek euskaraz ekoitziriko ahozko zein idatzitako testuak biltzen ditu, corpusaren oinarria bihurtuz. Horrela, UEUk sorturiko euskarazko testu masa baliatuko litzateke, egun dagoen corpusa aberastuz.

Beste alde batetik, Euskaltzaindiak euskaraz sortu, argitaratu eta zabaltzen duenaren oinarrizko informazioa Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren Datu Basean jartzea adostu dute. Ildo horretan, bi erakundeak bat etorri dira Inguma unibertsitarioen curriculum garapenerako "lanabes interesgarria" dela esatean.