Euskaltzaindiak "Euskara biziberritzen jarraitzeko erronkak" jardunaldia egingo du otsailaren 12an

Euskaltzaindiaren egoitza nagusia, Bilbon
EUROPA PRESS

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

   Euskaltzaindiak "Euskara biziberritzen jarraitzeko erronkak" jardunaldia egingo du Bilboko egoitzan otsailaren 12an. Elkarte, erakunde eta norbanakoen ekarpenak jaso eta aztertu ostean, jardunaldiaren egitaraua prestatu du Akademiaren Sustapen batzordeak. Jardunaldia 09:30ean hasi eta 14:00etan amaituko da, eta izena emateko epea otsailaren 10a arte egongo da zabalik.

   Akademiak jakinarazi duenez, Patxi Saez Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariak eskari zuzena egin zion Euskaltzaindiari, "azken 50 urteotan indarrean dagoen euskararen paradigma aldatzeko prozesuan gidaritza har dezan".

   Hala, bada, euskal eragile eta euskaltzaleen ikuspuntua ezagutzea garrantzitsutzat jo du Akademiak eta ahalik eta iritzi gehien entzuteko aukera izateko, otsailaren 12ko jardunaldia antolatu du. Ekimenak jarraipena izango du, jardunaldi horren bitartez Euskaltzaindiak prozesu bati hasiera eman eta eztabaida aldia zabaldu nahi du eta.

   Jardunaldiko parte hartzaileen artean egongo dira Andres Urrutia euskaltzainburua, Patxi Saez soziolionguista, Bittor Hidalgo Euskal Filologian doktorea, Kike Amonarriz soziolinguista, Patxi Juaristi euskaltzain urgazlea eta Sustapen batzordeko kidea, Olatz Altuna Euskal Herriko Kale Neurketaren zuzendaria, Bikain Urukidi Lemoizko barnetegiko irakasle-monitorea eta Josu Waliño PuntuEUS Fundazioko zuzendari nagusia, besteak beste.