Euskaltzaindiak "Euskera" agerkariaren 2011ko zenbaki guztiak kontsultagai jarri ditu

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 17 mayo 2013 19:31

BILBO 17 May. (EUROPA PRESS) -

"Euskera" agerkariaren 2011ko hiru zenbakien edukiak Euskaltzaindiaren webguneko aldizkariaren hemerotekan integratu dira, Azkue bibliotekan katalogatu eta indexatu ostean. "Euskera" agerkariaren hiru zenbaki argitaratzen dira urtero; 2011ko zenbakiei dagokienez, hiru zenbaki horiek bi liburukitan bildu ziren: "Euskera 2011, 56, 1-2" eta "Euskera 2011, 56-3".

Akademiako iturriek adierazi dutenez, "Euskera 2011, 56, 1-2" liburuak Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa biltzen du. Besteren artean, honako gaiak bildu dira: Jean-Baptiste Coyos euskaltzainaren sarrera-hitzaldia; Nafarroa Oinez ospakizunaren haritik, Tafallan egin zen ageriko bilkura; edota Jose Antonio Arana, Vahan Sarkisian, Xabier Gereño eta Fernando Mendizabal euskaltzainen omenez irakurri ziren hilberri-txostenak.

"Euskera 2011, 56, 3" liburuak ikerketa-lanak jasotzen ditu. Gai nagusiak hauek dira: Euskaltzaindiaren XVI. Jagon Jardunaldiak ("Arabatik Arabara euskaraz") eta Akademiak "Agosti Xaho eta Erromantizismoa Euskal Herrian" izenburupean Baionan egin zuen jardunaldia.

"Euskera" agerkarian biltzen diren artikulu guztiak, Euskaltzaindiaren webgunetik landa, Inguma, ISOC eta Dialnet datu-baseetan ere jasotzen dira. Datu-base hauetan, agerkariaren aurreko zenbakietan, egile jakinek idatzi eta ikerketa lantzat har daitezkeen edukiak ere aurki daitezke.

Contenido patrocinado