Euskaltzaindiak Gipuzkoako zerbitzu, egitasmo eta lantaldeak batu ditu Luis Villasante Euskararen Ikergunean, Donostian

Luis Villasante Euskararen Ikergunea inauguratu da Donostian
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: viernes, 28 octubre 2011 19:02

DONOSTIA, 28 Oct. (EUROPA PRESS) -

Euskaltzaindiaren Euskararen Ikergunea inauguratu da Donostian gaur, urriaren 28an. Akademiak Gipuzkoan dituen zerbitzu, egitasmo eta lantalde guztiak batuko dira bertan, hau da, ordezkaritza ez ezik, Jagonet Zerbitzua, Joanes Etxeberri egitasmoa (Euskararen Historia Soziala) eta Euskaltzaindiaren Hiztegigintzan lan egiten duten taldeak ere. Ikerguneari Luis Villasante 1970etik 1988ra euskaltzainburua izan zenaren izena jarri dio Akademiak.

Luis Villasante Euskararen Ikergunea izena bistaratzea izan da, hain zuzen ere, gaurko ekitaldiari hasiera eman dion unea. Euskaltzainak, herri-aginteekiko ordezkariak, Luis Villasanteren senitartekoak eta Arantzazuko Frantziskotarren ordezkariak bertan zirela, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Miriam Villasante Villasanteren ilobak eta Jesus Mari Arregi Frantziskotarren goardianak "Luis Villasante Euskararen Ikergunea" izena daraman plakari estalkia kendu diote.

Plaka altzairuzkoa da, Villasanteren aurpegiaren irudia dauka, eta Ikergunearen izena, lau hizkuntzatan idatzita: euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez. Euskaltzaindiaren izena eta ikurra, eta gaurko data ere ikus daitezke plakan. Gaurko ekitaldiaren amaieran, plaka horren oroigarriak banatu zaizkie Villasanteren sendiari, herri-aginteei eta Arantzazuko Frantziskotarrei.

Esan bezala, Villasanteren senitartekoak eta Arantzazuko Frantziskotarrak gonbidatuak izan dira gaurko ekitaldian. Eurekin batera, herri-aginteekiko ordezkari hauek izan dira: Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Juan Carlos Izagirre Donostiako alkatea, Carmen Gutierrez Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirola Saileko zuzendari nagusia, Miren Dobaran Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusia, Frantxua Maitia Euskararen Erakunde Publikoaren burua, Maximo Gomez Euskarabidearen zuzendari kudeatzailea eta Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikorako sailburuordea. Horiek guztiek, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera, hitza hartu dute gaurko irekitze ekitaldian.

Erakunde guztietako ordezkariek Euskaltzaindiarekin daukaten harreman sendoa azpimarratu nahi izan dute, baita etorkizunean hala izan dadin asmo garbia adierazi ere.

Martin Garitanok, orain arte Gipuzkoako Aldundiak eta Euskaltzaindiak elkarrekin egin duten bidea etorkizunean norabide beretik joan dadin aldarrikatu du. XXI. mendean barrena Euskaltzaindiak zeregin handia izango duela esan du, eta "Gipuzkoako Foru Aldundia laguntzaile izango du beti asmo horietan".

"EUSKARARI ZUKUA ATERA"

Tolare baserria sagarrak bildu eta sagardoa egiteko erabiltzen zen eraikina izanik, hizlari gehienek hitz-jokoa egin dute eta Euskaltzaindiak, Ikergune berrian, "euskarari zukua atera" behar diola esan dute. Juan Carlos Izagirre alkateak ere hala egin du, eta ondoren hau gaineratu: "Ohorea da Euskaltzaindiaren egoitza berri honen inaugurazioan egotea, besteak beste Donostia euskararen hiria bilakatu nahi dugulako".

Carmen Gutierrezek ere, hemen euskarari zukua aterako zaiola esan du, eta Arabako Foru Aldundiaren izenean Akademiari eskerrak eman dizkio egiten duen lanagatik.

Miren Dobaranek eta Lurdes Auzmendik ere aipatu hitz-jokoa egin dute. Horretaz gain, Dobaranen esanetan, "Euskaltzaindiak Gipuzkoan duen presentzia indartu eta sendotu egingo da". Gainera, "Euskararen Ikerguneak Luis Villasante Bizkaiko semearen izena eukitea guretzat, bizkaitarrontzat, ohore bat da".

Auzmendik esan duenez, "gaur egun handia da euskaraz bizi nahi eta maite dugun guztiontzat. Seguru gaude etxe hau euskararen zutabe bihurtuko dela, eta ez bakarrik Gipuzkoan, baizik eta Euskal Herri osoan".

Maximo Gomezek Nafarroako Gobernuaren eta Akademiaren arteko elkarlana goraipatu du eta Luis Villasante Euskararen Ikerguneak "ikerleen lana hobetzen lagundu duela" iragarri du. Frantxua Maitiak ere gogora ekarri du Euskal Erakunde Publikoaren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana -beharrezkoa dela azpimarratu du-, eta aprobetxatu du Ipar Euskal Herrian euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko.

Azkenik, Andres Urrutia euskaltzainburuak hitz egin du eta, besteren artean, hauxe esan du: "Gaur Euskaltzaindiak euskararen ikergunea abiarazten du, bertara bildu dituela Donostia hirian zehar sakabanaturik dituen ikertzaile taldeak eta norbanakoak. Hortaz, Akademiak asmo eta amets zaharra egia bihurtu du eta indartu ere egin du bere lana, betidanik Bilboko egoitzan eta ordezkaritzetan ondu duena, Euskal Herriaren lurraldeetan zehar. Hona, bada, ikerkuntza eta gizarte zabalkuntza, euskararen bidez uztartuak eta estekatuak".