Euskaltzaindiak ICOSen XXIV. Biltzarrean parte hartuko du, Bartzelonan

Actualizado: lunes, 5 septiembre 2011 14:26

BILBO, 5 Sep. (EUROPA PRESS) -

Euskaltzaindiak ordezkaritza zabala izango du Bartzelonan, ICOSen (International Council of Onomastic Sciences) XXIV. Biltzarrean. "Izenak eguneroko bizitzan" izenburupean egingo den biltzarra gaur hasi eta irailaren 9an bukatuko da.

Akademiak bere atxikimendua adierazi zuen eta Onomastika batzordeko lau kide izango dira bertan: Jose Luis Lizundia eta Patxi Salaberri euskaltzain osoak eta Patxi Galé eta Mikel Gorrotxategi urgazleak.

Euskaltzaindiko iturriek adierazi dutenez, ICOS munduko onomastika adituen bilgunea da, eta gaur hasi den XXIV. Biltzarra Bartzelonako Unibertsitatean egingo da.

Orotara, 537 lan jaso dira, 12 atal desberdinetan banatu direlarik: Terminologia (20 txosten); Onomastikaren teoria eta deitze sistemak (17 txosten); Onomastika eta hizkuntzalaritza (42 txosten); Onomastika eta gizartea (67 txosten); Antroponomastika (70 txosten); Toponomastika (80 txosten); Onomastika eta historia (53 txosten); Onomastika eta geografia (32 txosten); Onomastika eta kultura (50 txosten); Kartografia eta leku izenak (20 txosten); Onomastika eta estandarizazio bideak (34 txosten); Atal berezia: Kataluniako onomastikak (47 txosten).