Euskaltzaindiak inkesta bat jarri du abian erabiltzaileek "Euskera" agerkariari buruz duten iritzia jasotzeko

Actualizado: viernes, 11 enero 2013 13:08

BILBO, 11 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskaltzaindiak inkesta labur bat jarri du martxan erabiltzaileek "Euskera" bere agerkari ofizialaren inguruan duten iritzia jasotzeko. Inkesta https://www.surveymonkey.com/s/Q9B36ZJ helbidean egin daiteke, Akademiak jakinarazi duenez.

"Euskera" agerkariak 2009an eraberritze prozesu bat abian jarri zuen. Latindex irizpideak bete eta aldizkari zientifiko gisa homologatu nahian, hainbat aldaketa gauzatu ziren: kanpo adituen ebaluazioak, artikuluen laburpen eta hitz-gakoak lau hizkuntzatan argitaratzea, datu-base garrantzitsuetan indexatzea eta abar.

Agerkariaren bitartez helburu bikoitza gauzatu nahi du Euskaltzaindiak: alde batetik, bere jardun akademikoaren berri eman, eta, bestetik, euskararen alorreko ikerketa bultzatu. Asmo honi atxikiz, eta teknologia berriak ematen dituzten aukerak baliatuz, bere irakurleenganako harremana eta irisgarritasuna sustatu nahi ditu.

Hargatik, Euskaltzaindiak, irakurleek aldaketa hauek nola balioetsi dituzten jakiteaz gain, gai zehatz batzuei buruz duten ustea ere ezagutu nahi du: "Euskera" agerkariak argitaratzen dituen edukiei buruzko balioespena; agerkaria bera, etorkizunean zer euskarritan argitaratu behar den; prezioa egokia den; Euskaltzaindiko webgunean ematen zaion tratamendua egokia den; eta, oro har, irakurleak interesgarri deritzon beste edozein alorren gaineko iritzia.