Euskaltzaindiak Jorge Cortes Izal eta Xabier Lete omenduko ditu bihar Donostian

Cortes Izal (ezkerrean) eta Lete
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: jueves, 27 enero 2011 10:55

DONOSTIA, 27 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskaltzaindiak ageriko bilkura egingo du bihar Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian, eguerdiko 12:00etan hasita, azken urtean hil diren Jorge Cortes Izal eta Xabier Lete euskaltzainak omentzeko.

Akademiako iturriek jakinarazi dutenez, ekitaldian, Patxi Zabaletak irakurriko du Jorge Cortes Izal (1930-2010) euskaltzain urgazlearen omenezko hilberri-txostena. Ikastolen mugimenduaren bultzatzaile handienetarikoa izan zen Jorge Cortes Nafarroan, etengabeko lan isila eginez. Euskalerria Irratiaren sortzaileetarikoa izan zen.

Bestalde, Jose Angel Irigarai ohorezko euskaltzaina arduratuko da Xabier Lete (1944-2010) ohorezko euskaltzainaren hilberri-txostena irakurtzeaz. Idazle, poeta eta kantaria, Ez Dok Amairu taldeko kide izan zen Xabier Lete. Bederatzi disko kaleratu zituen, eta zazpi olerki liburu, azkena "Egunsentiaren Esku Izoztuak" izenekoa. Euskal kulturaren erreferente argia izan zen.

Txostena irakurtzeaz gain, Jose Angel Irigaraik eta Bernardo Atxagak Leteren poema batzuk irakurriko dituzte, Joxan Goikoetxearen musikak lagunduta.