Euskaltzaindiaren osoko bilkura Nafarroako Parlamentuan lehen aldiz, ostiral honetan

Ramon Urangaren eskultura oparituko dio Akademiak Nafarroako Parlamentuari
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: jueves, 29 septiembre 2016 14:02

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

Nafarroako Parlamentuaren egoitzan egingo du osoko bilkura Euskaltzaindiak, bere historian lehenengo aldiz, ostiral honetan, irailaren 30ean. Bilera Parlamentuko 2. batzorde gelan izango da, eta Parlamentuko mahaiak harrera ofiziala egingo dio Akademiari.

Bertan, Andres Urrutia euskaltzainburuak Ramon Uranga pintore bilbotarraren eskultura bat oparituko dio Nafarroako Parlamentuari; pieza honetan Akademiaren egoitza nagusiko beirate bateko xehetasuna ageri da. Bere aldetik, Parlamentuak Nafarroako korteetako kutxa edo kaxaren metalezko kopia bat oparituko dio Euskaltzaindiari.

Euskaltzaindiak gogorarazi duenez, aspaldikoa da Akademiak Nafarroako Parlamentuarekin duen hartu-emana, azken urteotan areagotu egin dena. Horren adibidea da iazko urtarrilean sinatutako lankidetza hitzarmena, besteak beste, parlamentu lexikoaren bateratze-lana egiteko baliagarria izan dena.

Hartu-eman sendo eta iraunkor horretan, "beste pauso garrantzitsu bat" litzateke ostiraleko bilkura. "Keinu honekin, Nafarroako Parlamentuarekin lehendik ere ditugun loturak berretsi nahi ditugu, eta, bide batez, euskararen lurralde guztiak zaintzen ditugula adierazi", esan du Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Joan den apirilean, Iruñeko Udalak hartu zuen Euskaltzaindiaren osoko bilkura, baina orain arte ez zen horrelakorik gertatu Nafarroako Parlamentuan.

Besteak beste, osoko bilkuran ondoko gaiak aztertuko dira: Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioa (aurkezturiko iruzkinak aztertu eta erabaki); Europako Goi Erdi Aroko pertsona-izenak (aurkezturiko iruzkinak aztertu eta erabaki); 178. arauan -Kanpoko leku-izenei dagozkien herritar-izenak eta jatorri-adjektiboak sortzeko irizpideak- ohar bat erantsi (Exonomastika batzordearen proposamena); Erdal hitzak eta izen berezien baliokide diren adierazpenak deklinatzeko jarraibideak araugaia (aurkezturiko iruzkinak aztertu eta erabaki); Erdi Aroko pertsona-izen ez-kristauak; musulmanak, juduak eta turko-mongolak (aurkeztu); Oinarrizko kimika hiztegia (aurkezturiko iruzkinak aztertu eta erabaki).