Euskaltzaindiak Piarres Larzabalen antzerkigintza aztertzen duen lana aurkeztuko du Sarako Idazleen Biltzarrean

Piarres Larzabalen antzerkigintzari buruzko liburua
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: miércoles, 12 abril 2017 11:57

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak "Piarres Larzabalen antzerkigintza: 1950-1982. Euskarazko antzerki identitatioaren paradigmak" aurkeztuko du Sarako 34. Idazleen Biltzarrean, Piarres Larzabalen antzerkigintza aztertzen duen "lan sakona". Aurkezpena apirilaren 17an izango da, Sarako kiroldegian, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak, Isabelle Echeverria ikertzaileak eta Jean-Louis Davant euskaltzainak parte hartuko dute.

Akademiak gogoratu duenez, aurten, bi egunez egingo da 34. Idazleen Biltzarra, hain zuzen, Pazko igande eta astelehenean, eta, urtero legez, Sarako kiroldegian izango da Euskaltzaindia. Akademiak bi lan aurkeztuko ditu hilaren 17an.

Horrela, alde batetik, Isabelle Echeverriak ondutako "Piarres Larzabalen antzerkigintza: 1950-1982. Euskarazko antzerki identitatioaren paradigmak" liburua agertuko dute jendaurrean Akademiak eta Euskararen Erakunde Publikoak, 10:40an. Larzabalen antzerkigintza sakonetik aztertzeaz gain, argitaratu gabeko bi antzerki lan eskaintzen ditu liburu mardulak.

Beste alde batetik, Euskaltzaindiak bere Hiztegi berriaren nondik norakoak azalduko ditu Saran, eta, amaitzeko, 12:00etan, omenaldi bateratua egingo zaie azken hilabeteotan zendutako Piarres Charritton euskaltzain emerituari, Marie Jeanne Minaberry ohorezko euskaltzainari eta Hasier Etxeberria kazetariari.

Tradizioan eta egungo corpusetan oinarriturik, hitz bakoitzari dagozkion adibide argigarriak eskaintzen dizkio erabiltzaileari iaz plazaratu zen Euskaltzaindiaren Hiztegiak. Gainera, formak arautzeko baliatu diren datu eta argibideetara, "Hiztegi Batu Oinarridunera" eta adibideen iturri izan diren "Orotariko Euskal Hiztegira", "XX. mendeko euskararen corpus estatistikora" eta "Lexikoaren Behatokira" zuzenean jotzeko bidea ere ematen dio.

Guztira, 37.884 sarrera, 6.944 azpisarrera eta 61.398 adiera ditu Hiztegi berriak, eta paperean zein Interneten kontsulta daiteke (www.euskaltzaindia.eus).