Euskaltzaindiak sei euskaltzain urgazle berri izendatu ditu

Actualizado: lunes, 20 julio 2015 13:56

DONOSTIA, 20 (EUROPA PRESS)

   Euskaltzaindiak sei euskaltzain urgazle berri izendatu zituen joan den ostiralean, uztailaren 17an, Donostian egin zuen osoko bilkuran. Zehazki, euskaltzain urgazle berriak Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Roberto González de Viñaspre, Karmele Jaio, Iñaki Martinez de Luna, Patxi Salaberri Muñoa eta Blanca Urgell dira, Akademiak jakinarazi duenez.

   Rikardo Arregi Diaz de Heredia Gasteizen jaioa da, 1958an. Psikologia eta Irakasle ikasketak egin zituen Salamancan eta Euskal Filologian lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Ogibidez, bigarren hezkuntzako irakaslea da.

   Idazlea ere bada. "Hari hauskorrak" (1993), "Kartografia" (1998) eta "Bitan esan beharra" (2012) poema liburuak argitaratu ditu, eta guztiek jaso dute Espainiako Kritikaren Saria. Koldo Izagirrek zuzendutako "XX. mendeko poesia kaierak" bilduman (2000) Rikardo Arregi Diaz de Herediaren poema antologia argitaratu zen.

   "Volgako Batelariak" izeneko literatura bloga sortu zuen 2005ean, beste egile batzuekin batera. Iritzi artikulu ugari idatzi ditu hainbat hedabidetan. Itzultzaile gisa, besteak beste, Portugaleko, AEBetako, Esloveniako, Letoniako, Irlandako edota Poloniako idazleak itzuli ditu.

   Roberto González de Viñaspre Bilbon jaioa da, 1961ean. Trebiñu Konderrian bizi da, 12 urte zituenetik. Euskal Filologian lizentziatu zen, Deustuko Unibertsitatean. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saileko hizkuntz teknikaria da, eta, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordekidea, 2005etik. Gasteizko Toponimia egitasmoko aholkulari izan zen, 2009tik 2013ra.

   Deustuko Unibertsitateak edota Eusko Jaurlaritzak abiatutako hainbat toponimia egitasmotan parte hartu du. Trebiñuko barrendegiak sortu duen administrazio arazoan gehien sakondu duen ikertzailea da. Trebiñuko auziaz sarri idatzi du prentsan eta hitzaldi asko eman ditu. 1999an "Trebiño: claves para un contencioso inacabado" liburua plazaratu zuen. Halaber, barrendegia Araban integratzearen aldeko Uda Elkarteko eta Zortzigarrena Fundazioko kide da.

   Karmele Jaio Eiguren, Gasteizen 1970ean jaioa, Informazio Zientzietan lizentziatu zen EHUn. Emakundeko Komunikazio arduraduna eta idazlea da. 2004an argitaratu zuen lehen liburua, "Hamabost zauri" ipuin bilduma, eta urte berean Igartza Saria irabazi zuen, "Amaren eskuak" eleberriaren proiektuagatik; eleberri hori 2006an kaleratu zen eta hainbat sari jaso zituen: Zilarrezko Euskadi Saria, Zazpi Kale Saria eta Beterriko Liburua Saria. Eleberrian oinarrituta, Mireia Gabilondok izen bereko filma zuzendu zuen 2013an.

   Bere hurrengo liburuak honako hauek izan ziren: "Zu bezain ahul" (2007), "Musika airean" (2009) eta "Ez naiz ni" (2012). Iritzi artikulu eta zutabeak hainbat egunkaritan kaleratzen ditu, eta bere liburuak gaztelaniara, alemanera, edota errusierara itzuli dira.

MARTINEZ DE LUNA

   Iñaki Martinez de Luna Gasteizen jaioa da, 1950ean. Soziologian doktoregoa eskuratu zuen, Deustuko Unibertsitatean, eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da. Hizkuntzaren soziologian aditua da, bereziki hizkuntza gutxituen soziolinguistikan. HIZNET Hizkuntza Plangintza Graduondoko zuzendaria da, 2001etik. Soziolinguistika Klusterraren sortzaile eta lehendabiziko buru izan zen 2004-2006 artean. Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteko arduraduna da 1986tik.

   Euskara Aholku Batzordeko kide eta Euskara 21 ataleko zuzendaria da. 2005etik, Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren aholkulari da. 2007-2013 artean Auñamendi Eusko Entziklopediako zuzendaria izan zen.

   'Bat' Soziolinguistika Aldizkariko zuzendari eta 'Inguruak' nahiz 'Hermes' aldizkarien batzordeko kide izateaz gain, ikerketak eta iritzi artikuluak beste hainbat aldizkaritan agertu ditu. 2013an, "Euskara EAEn: gaitasuna, erabilera eta iritzia: azterketa eta gogoetak / El euskera en la CAPV: competencia, uso y opinión: análisis y reflexiones" liburua argitaratu zion Eusko Jaurlaritzak.

   Patxi Salaberri Muñoa Aramaion (Araba) jaio zen, 1956an. Euskal Filologian doktorea (EHU) eta EHUko Filologia irakaslea da. EHUko EUDIA ikerketa taldeko kide da, euskararen bariazio soziolinguistikoa ikertzeko sortutako taldea.

   Euskal literatura klasikoan aditua da, XVI. eta XVII. mendeetako idazleak eta obrak ditu aztergai nagusi. Hainbat liburutan ikertu ditu Pedro Axularren edota Joanes Leizarragaren idazlanak: "Axularren prosa erretorikaren argitan" (1997), "Axularren historiak" (1998), "Haizkora zuhaitzaren erroari kheinatzean (Axularren gogoetak eta erranak)" (2000), "Aingura eta sugea: originaltasuna eta dependentzia Leizarragaren idazlanetan" (2012), "Leizarragaren idazlanetan barrena (2014)".

   2002an Irun Hiriko Literatura saria irabazi zuen "Urtean idatziak" poema liburuarekin. 2005ean plazaratu zuen bere azken poema liburua, "No". Bestalde, Sigmund Freud, Rainer Maria Rilke edota Witold Gombrowicz itzuli ditu euskarara. Hizkuntzalaritza eta filologia arloko ikerketak hainbat aldizkaritan agertu ditu.

   Azkenik, Blanca Urgell Lázaro Gasteizen jaioa da, 1962an. Euskal Filologian doktorea (EHU) eta EHUko Filologia irakaslea da, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak sailean.

   EHUko Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldeko kide da, eta bereziki lexikografian eta idazlan klasikoen edizioan nabarmendu da. Tesia Manuel Larramendiren hiztegigintzaz egin zuen 2000. urtean. Besteak beste, Pedro Axular, Pedro Antonio Añibarro edota Frantzisko Ignazio Lardizabal aztertu ditu. 2015ean Euskaltzaindiaren eta Nafarroako Gobernuaren eskutik, Axularren "Gero" liburuaren edizio kritikoa argitaratu zuen.

   1988-2000 bitartean Euskal Editoreen Elkarteak argitaratutako "Klasikoak" bildumaren koordinatzaile izan zen. Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegian lan egindakoa da, eta Filologia arloko ikerketak aldizkari askotan ere argitaratu ditu. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua izan zen 2009-2012 artean.