Euskaltzaindiak webguneko atal erabilienak eskuko telefonoan kontsultatzeko aukera zabaldu du

Webgunearen bertsio mugikorra aurkeztu du Akademiak
Foto: EUSKALTZAINDIA
Actualizado: viernes, 28 febrero 2014 14:24

DONOSTIA, 28 (EUROPA PRESS)

   Euskaltzaindiaren webgunearen (www.euskaltzaindia.net) atal erabilienak sakelako telefonoan eskura izateko, webgunea moldatu du Akademiak, eta hemendik aurrera, webgunearen bertsio arruntean ez ezik, Hiztegi Batua, Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) eta Euskal Onomastikaren Datutegia (EOD) smartphone eta iphone motako telefonoentzako egokitutako moldean ere kontsulta daitezke.

   Gainera, eskuko telefonotik webgune osoa ikusteko ere aukera ematen da. Lana Euskaltzaindiaren Donostiako ordezkaritzan garatu da, Akademiaren Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) batzordearen gidaritzapean.

   Aurkezpena gaur egin da, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Alazne Gorrotxategi informatikariak eman dituzte xehetasunak. Akademiaren webgunean egiten den bezala, www.euskaltzaindia.net helbidea idatzi beharko da sakelakoan ikusteko.

   Horrela ba, hiru arlo nagusi kontsulta daitezke egokitutako formatuan: Hiztegi Batua, Orotariko Euskal Hiztegia eta Euskal Onomastikaren Datutegia. Hilez hil ikusten denez, horiek dira, hain zuzen ere, Euskaltzaindiaren webgunean gehien bisitatutako edukiak: Hiztegi Batuak 924.355 bisita izan zituen 2013an; Orotariko Euskal Hiztegiak 508.672; eta Euskal Onomastikaren Datutegiak 1.139.265. Era berean, webgunearen bertsio arruntera jotzeko aukera ere ematen da.

HIZTEGI BATUA

   Hiztegi Batuak hitzen forma estandarrak biltzen ditu, "hiztegi ortografikoa" da. Euskaraz idazterakoan sortu izan den hainbat zalantzari erantzuna ematera dator, hala nola, beste hizkuntza batzuetan jatorria duten nazioarteko hitzen formak, nazioartekoak izan ez arren erabilera zabala dutenenak, hainbat herrialdetako biztanleak adierazten dituzten hitzenak, arazo konplexuagoak izan ditzaketen forma berrienak eta beste zenbait arazo zituztenak.

   Orotariko Euskal Hiztegia obra deskribatzailea da, eta ez arauemailea, ez normatiboa. Haren xedea garai, toki eta mota guztietako euskal hitz-ondarea biltzea da. Menderik mende eta euskalkietan zehar euskaldunak nolako hizkuntzaz baliatu diren ahalik eta osokien eta zehatzen azaltzeko helburua du hiztegi honek. 2013an, OEHren hirugarren argitaraldi elektronikoa aurkeztu zuen Euskaltzaindiak.

   Azkenik, Euskal Onomastikaren Datutegian Euskaltzaindiaren Onomastika batzordearen lanak biltzen dira. Lanok lau multzo nagusitan banatzen dira: deitura edo abizenak; ponte izenak; leku-izenak, eta honetan era askotakoak (probintziak, eskualdeak, herriak, mendiak, ibaiak); eta exonimia, hots, Euskal Herritik kanpoko leku-izenak, eta honetan kontinenteak, estatuak, munduko hiriburuak, hiriak, herriak eta abar.