Euskaltzaindiaren hiztegiak eta corpusak, Euskararen Erakunde Publikoaren webgunean

Euskararen Erakunde Publikoko eta Euskaltzaindiko ordezkariak
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: lunes, 24 julio 2017 14:28

   BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta Euskaltzaindiak Baionan sinatu dute, astelehen honetan, 2017-2022 epealdirako otsailean izenpetu zen hitzarmen markoaren aurtengo eranskina. Eranskinean lankidetzaren 2017ko ardatz berriak biltzen dira, egitasmo konkretuak aurkeztuz, eta, horien artean, besteak beste, Akademiaren hiztegiak corpusak EEPren webgunean agertuko dira.

   Bi erakundeetako arduradun nagusiak pozik agertu dira, dokumentu berria sinatu ostean. Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak adierazi du "aurrerapauso berri bat" suposatzen duela Akademiarekin lortutako hitzarmenak, bere hitzetan, "Ipar Euskal Herrian euskararen presentzia indartzeko baliagarri izanen delako".

   Andres Urrutia euskaltzainburuak egungo eta etorkizuneko erronkak aipatu ditu, elkarlanarekin gaindituko direla azpimarratuz. "Euskararen Erakunde Publikoa, Euskaltzaindia eta hizkuntzaren kalitatea, horra hirukotea eta horra, baita, erronka. Finean, erakunde biek partekatzen baitute helburu edo xede bera: euskara eta euskal kultura aitzinatu", adierazi du.

   Kale erabileraren moteltzea ere izan du hizpide: "Jakina da erabilera apaldu dela, eta atal hori indartzeko baliabideak jarri behar ditugu, proiektu konkretuak bideratu, bertako erakundeekin elkarlanean eta gizarte eragileen laguntzarekin. Horren adibide garbia da EEPrekin dugun lan hitzarmena".

   Modu honetan, bi erakundeek sinaturiko agiriaren arabera, aurten lagunduko den Euskaltzaindiaren argitalpena "Euskal Elkargoaren sortzea eta euskararen geroa" izango da, Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak Baionan 2016ko azaroaren 19an antolaturiko XXI. Jagon jardunaldietako txostenak eta adierazpenak jasotzen dituen argitalpena.

   Halaber, aurreko hitzarmenetan bezala, EEPk eta Eusko Jaurlaritzak antolatzen duten Hizkuntza jarduera Proiektu Deialdirat aurkezten diren argitalpen proiektuen hizkuntza kalitatearen azterketa egiten jarraituko du Euskaltzaindiak.

   Bestalde, toponimoen baieztapen prozeduran, EEPk euskal toponimoez dituen baieztapen eskaeretan agertzen diren toponimo arautugabeei buruzko grafia arautu bat proposatzeaz arduratuko da Akademia. Bi aldeek adostu dute ere toponimia grafian lan egiten duten profesionalak Euskaltzaindiak toponimiaz forma ditzan, formazioak antolatzen ahalko direla ere, beharren arabera, aurreko zenbait urtetan gertatu modura.

   Ikas pedagogia zentroaren argitalpen proiektuen hizkuntza baieztapenean, Euskaltzaindiak eta EEPk adostu dute 2017an kalitatea bermatzeko prozedura egoki bat plantan ezartzea, Ikas zentroarekin lankidetzan. Prozedura hori, Akademiaren eta EEPren arteko hitzarmen markoaren 2018ko eranskinari gehituko zaio, bai eta EEPk Ikasekin eta Euskaltzaindiak Ikasekin dituzten hitzarmenei ere.

   Gainera, Euskaltzaindia ezagutarazteko eta gizarteratzeko Akademiak eta EEPk lankidetzan jardungo dute Euskaltzaindiak ematen dituen hizkuntza arauak eta dituen hizkuntza baliabideak erabiltzaileei era ikusgarriagoan eta errazagoan eskuratzeko.

   Euskararen profesionalen hizkuntza gaitasuna goratzean ere lankidetzan jardungo dute bi aldeek. Horren beharra adierazten duten eragile zehatzei erantzunez, lana euskaraz egiten duten profesionalen maila goratzeko (kazetariak, euskara teknikariak, itzultzaileak, irakasleak, argitalpen ekoizleak eta abar) C1etik gorako hizkuntza-prestakuntza (Europako Erreferentzia Markoaren arabera) eta formakuntza moduluak antolatuko ditu EEPk Euskaltzaindiaren laguntzarekin.

   Halaber, 2017. urterako Euskararen Erakunde Publikoak Euskaltzaindiari ematen dion diru laguntza 160.000 eurokoa izango da, 2016an baino 20.000 euro gehiago.

HIZTEGIAK ETA CORPUSAK

   Bestalde, 2017ko eranskinak bestelako onurak ere eskainiko dizkio erabiltzaileari. Horrela, Euskararen Erakunde Publikoaren webgunean Euskaltzaindiak emandako hizkuntza arauak eta dituen hizkuntza baliabideak eskuratzeko aukera izango da. Era bereizgarri eta ikusgarrian erakutsiko dira baliabideak, horretarako lotura propioak sortu baitira.

   Horrela, EEPren web orrian ezarritako loturetan, erabiltzaileak honako atal hauek izango ditu kontsultagai: "Hiztegiak eta corpusak", "Arauak", "Onomastika", "Euskararen Herri Hizkeren Atlasa", "Gramatika" eta kontsulta arinak egiteko "Jagonet" zerbitzua.

   Halaber, "Hiztegiak eta corpusak" estekan honako baliabide hauek kontsulta daitezke: "Euskaltzaindiaren Hiztegia", "Orotariko Euskal Hiztegia", "Lexikoaren behatokiaren corpusa", "Oinarrizko lexiko teknikoak", "Aita Lhande-ren hiztegia", "Diccionario vasco-español-francés" eta "Hitz elkarketa eta maileguzkoa hitzak".