Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiaren bosgarren argitaraldiak 1.169 sarrera gehiago ditu

Ezkerretik eskuinera: Urrutia, Sagarna eta Fraile
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: viernes, 27 enero 2017 13:41

DONOSTIA, 27 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiaren (OEH) bosgarren argitaraldiak 1.169 sarrera berri ditu eta beste 4.446 aldatu egin dira. Horrela, gaur egun, 145.318 sarrera ditu guztira hiztegiak.

Andres Urrutia euskaltzainburuak, Andoni Sagarna Orotariko Euskal Hiztegiaren egitasmoaren zuzendariak eta Gabriel Fraile teknikariak prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Tronu Aretoan, hiztegiaren argitaraldi berria aurkezteko.

Oraingoan, lege eta administrazio arloko testuetatik ateratako hitzez osatu da OEH, eta horretarako erabili diren testuak artxibo hauetatik atera dira: 1833-1877 arteko Bizkaiko Batzar Nagusietako akta eta beste dokumentuen itzulpenak; Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien zirkularren itzulpenak (Bizkaikoak 1917-1919 artekoak eta Gipuzkoakoak 1919-1923 artekoak); lehen Eusko Jaurlaritzaren (1936-1937) aldizkari ofiziala (Euzkadi'ko Agintaritzaren Egunerokoa).

Argitaraldi berriak bi urtetako lana biltzen du, eta, Gabriel Fraile Akademiako teknikariak agertu duenez, "Orotariko Euskal Hiztegiak zuen hutsunea betetzera dator testu hauek gehitzea". "Gauza jakina da euskaraz oraintsu arte gai hauek gutxi landu direla -azaldu du-, baina egin den apurraren berria, neurri handi batean historikoa den hiztegi batean eman behar dela iruditzen zaigu".

Hiztegiari gehitu zaizkion berba batzuk ere aipatu ditu Frailek, esaterako agintepide (cargo), aurkezlari (presentante), baimendun (autorizado), berrindartu (confirmar), dirutar (económico), epailedi (cuerpo judicial), erabakigai (propuesta), eskabidelari (solicitante), itunpendu (contratar), legezaintza (fiscalía), notindar (privado), oroitidazki (memoria), zenbakaritza (contabilidad) edo zigorpen.

APUSTU NAGUSIENETAKOA

Andres Urrutiak, Orotariko Euskal Hiztegiaren garrantzia eta pisua azpimarratu ondoren, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzaren apustu nagusienetakoa dela gogoratu du. Halaber, ondorengo urteetan ere OEH elikatzen eta hobetzen jarraitzeko apustuari helduko diola ziurtatu du. "Eta, nola ez, erabiltzaileen esku jartzen ahaleginduko gara", gaineratu du.

Andoni Sagarnak corpus zabaltze honek Orotariko Euskal Hiztegiari ekarri dion aurrerapena aipatu du bere hitzaldian, eta OEHren deskribapen orokorra egin du. "Esan dezakegu aitzinatik XX. mendera arteko euskal literaturaren erradiografia dela Orotarikoa, osorik Interneten kontsultatu daitekeena. Zentzu honetan, zuzeneko kontsulta egin daiteke, baina Euskaltzaindiaren Hiztegian sartuta ere bai, hitz bat aukeratu eta bilaketa aurreratuan klikatuta, edozein hitz hautatzen denean beti dagoelako iturriak ikusteko aukera", azaldu du.

Akademiak burutu duen egitasmo handienetakoa da OEH, handiena ez bada. Hiztegigintzan ari direnentzako nahitaezko erreferentzia da, bertan jasotzen direlako euskaraz idatzi diren liburu esanguratsu gehienak, aro eta euskalki ezberdinetakoak. 16 liburukitan argitaratuta dago hiztegia eta ikertzaile eta erabiltzaile ororen esku dago, Interneten (www.euskaltzaindia.eus).