Euskampus-Bordeaux II. Sinposioa egingo da Donostian ostegunean eta ostiralean

Actualizado: martes, 24 noviembre 2015 12:09

DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

   Bordeleko Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolaturiko Euskampus-Bordeaux II. Sinposioa inauguratuko da ostegunean, azaroaren 26an, Donostiako Ignacio Mª Barriola zentroko aretoan. Bi unibertsitateek bultzaturiko Akitania-Euskadi Euroeskualdeko Nazioarteko Bikaintasun Campusaren harira antolatu da, eta iaz Bordelen egindako lehen sinposioari jarraipena emango di. Bi egunetan zehar, topaketak bi unibertsitateetako 350 pertsona bilduko ditu eta "Euroeskualdeko Bikaintasun Campusa finkatzen lagunduko du".

   Inaugurazioa 13:00etan izango da, eta Fernando Plazaola EHUko jarduneko errektoreak, Manuel Tuñón de Lara Bordeleko Unibertsitateko presidenteak, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak eta Solagne Merival Akitaniako Lurralde Kontseiluko presidenteordeak parte hartuko dute.

   Bordeaux-Euskampus Sinposioa ostegunean eta ostiralean egingo da EHUren Gipuzkoako campusean. "Topaketaren bidez, bi erakundeen arteko lankidetzak egituratu eta sendotzen dira. Horretan laguntzen dute, halaber, Akitania-Euskadi euroeskualdearen ezagutza triangelua egituratzeko asmoa duten proiektu eta jarduketetan diharduten eragile eta erakunde sozialek", azaldu dute antolatzaileek.

   Sinposioan, bada, 14 zientzia saio egingo dira. Saiook Bordeaux-Euskampus komunitateetako ikertzaileek diseinatu eta koordinatu dituzte, ikerkuntzaren, balorizazioaren eta prestakuntzaren inguruan lankidetzak ezartzea eta sendotzea xede. Besteak beste, osasuna, fabrikazio aurreratua, materialak, ekosistemak eta gizarte berrikuntza landuko dituzte.

   Horrez gain, administrazio eta zerbitzuei buruzko beste sei saio eta ezagutza balioztatzeari buruzko saio berezi bat ere egingo dira, eta horietan, bi unibertsitateetako kideek ez ezik, enpresek eta inbertsiogileek ere parte hartuko dute.

   Bestalde, bi erakundeetako tutoretza edo zuzendaritza jasotzen duten doktoregaientzat zeharkako gaitasunen bigarren workshop saioa egingo da, balorizazioari buruzkoa, unibertsitate bietako master eta doktorego eskolen bermearekin. Azkenik, alde biko topaketak ere antolatu dira: formatu txikiko bilerak dira, eta ez dute gai zehatzik lantzen; etorkizuneko lankidetzei nola ekin aztertzen dute.

BIKAINTASUN CAMPUSA

   Akitania-Euskadi Euroeskualdeko Nazioarteko Bikaintasun Campusa prestakuntza, ikerkuntza eta ezagutza transferentziaren esparru komuna da, eta Akitania-Euskadi ezagutzan oinarritutako euroeskualde gisa sendotzen laguntzen du, bai eta nazioartean zabaltzen ere.

   Euroeskualdeko Campusa bi unibertsitateetako kideek eta haien bazkide estrategikoek egindako jarduera partekatu jakin batzuen bidez egituratzen da: titulazio bikoitzak, elkarlaneko zuzendaritzak, Europako proiektuak, ikerketa egitura elkartuak, ekintzaile programak, lan praktikak eta abar.

   Anbizio handiko plan horrek 100.000 pertsona inguru hartzen ditu, hala nola unibertsitate bietako ikasleak, irakasle eta ikertzaileak, eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, eta eragin ekonomiko handia izango du euroeskualdean.