Euskara babestu eta indartzeko "arkitektura juridiko berri bat" behar da

Jardunaldien parte hartzaileak
Foto: UEU
Actualizado: viernes, 6 febrero 2015 14:27
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 6 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAk, Kontseiluak eta UEUk antolatu duten "Hizkuntza eta Lurraldea. Erronkak & Tresnak" II. jardunaldiak bukatu dira ostiral honetan, Donostian, 150 pertsona baino gehiagoren parte hartzearekin, eta ondorio nagusi bezala, beharrezkotzat jo da euskara babestu eta indartzeko "arkitektura juridiko berri bat".

   Jardunaldietan, ostegunean eta ostiralean, azterketa sozioekonomiko eta soziolinguistikotik eratorritako datuak erakutsi, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) tresna aurkeztu, bere aplikazioa Tolosaldean ezagutu eta Katalunia eta Balear Uhartetako egoerak aztertu dituzte, besteak beste.

   Horrela, hizkuntzaren biziraupenerako euskararen arnasguneak babestea ez ezik, "bihotz gune ezinbesteko horiek zabaltzea helburu duten ekimenei aterki juridikoa ematea beharrezkoa dela ondorioztatu dute", antolatzaileek jakinarazi dutenez.

   Udalerri euskaldunetan izandako aldaketa sozioekonomikoek eta soziokulturalek gune horietako egoera soziolinguistikoaren atzerakada eragin dute, besteak beste, lurralde antolaketari eta garapenari lotutako politikek ez diotelako erreparatu udalerri horien izaera linguistikoari. Horrean aurrean, udalerri euskaldunek hizkuntzaren normalizazioan duten estrategikotasuna kontuan hartuta, politika berezituak abiaraztea proposatu dute jardunaldiotan.

   Halaber, ondorioztatu dute gaur egungo hizkuntza politiketan aldaketak eman behar direla udalerri euskaldunetan euskararen erabateko normalizazioa ahalbidetzeko, eta edozein politikak hizkuntzaren zeharlerrotasuna izan behar duela.

   Modu honetan, erronka bezala, hizkuntza askatasun hutsetik, berezko hizkuntzaren eremu funtzionalak indartzeko jauzia egitea; hizkuntza politika euskara zerbitzuetatik harago, hizkuntzan eragina duten politika publiko guztietara zabaltzea; eta, lehentasunezko hizkuntza bihurtuz, ohiko jardueretan hizkuntza politika lurralderatzeko jauzia ematea planteatzen da errona gisa.

   Halaber, egungo "marko juridiko zurrunak" elebitasuna helburu izanik, euskaraz jarduten duten udalei mugak ezartzen dizkiela ondorioztatu da, "tratamendu homogeneoa" baitakar. Horrean aurrean zenbait erronka planteatu dituzte parte hartzaileek: aurrera begirako eztabaidetan euskararen zentralitatea bermatzea; Eusko Legebiltzarrean Udal Legearen proposamena aztertzen ari diren alderdiei "ausardiaz eta erantzukizunez" joka dezatela eskatzea; eta 10/1982 Legea berrikustea, udalerri euskaldunetarako "zurrunegia" dela kontuan harturik, beharrezko aldaketak egitea, alegia.

PARTE HARTZEA

   Euskal komunitatea suspertuko duten "parte hartze dinamika eraldatzaileak" martxan jartzea ere proposatu dute jardunaldiotan, eta, erornka gisa, arazoa gizarteratzea eta herritarren kontzientzian eragitea.

   Gainera, Eragin Linguistikoaren Ebaluaziorako tresna "baliagarritzat" jo dute hizkuntzan eragin negatiboak izan ditzaketen neurriak aurreikusteko, eta horrela, lurraldean eragina duen edozein proiektu zein planetan ELEren aplikazioa beharrezkoa izatea eta bertan jasotako neurri zuzentzaileak lotesleak izan daitezen marko juridikoa aldatzea proposatu dute.

   Azkenik, jardunaldien Batzorde Akademikoak konpromisoa hartu du Eusko Jaurlaritzako talde desberdinei topaketetan zehar ateratako ondorio hauek aurkezteko.