Euskara EAEko ekonomiaren %4,19 eta enpleguaren %6,28 da

Actualizado: jueves, 15 octubre 2015 16:55

NPLD sare europarrak nabarmendu du ez dela ezagutzen antzeko ikerlanik beste komunitate batean

   DONOSTIA, 15 (EUROPA PRESS)

   Euskara Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) barne produktu gordinaren (BPG) %4,19 da eta 56.142 lanpostu sortzen ditu, hau da, erkidegoko enplegu osoaren %6,28, "Euskararen Balio eta Eragin Ekonomikoa" azterlanaren datuen arabera.

   Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak aurkeztu du lana ostegun honetan Donostian, Eusko Jaurlaritzak eta Europako Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarra (NPLD) antolatutako ekitaldi batean. Aurkezpenean, NPLDren zuzendari exekutibo Meirion Prys Jones eta Eusko Jaurlaritzako teknikari ere Jon Aizpurua egon dira.

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomiari euskarak egiten dion ekarpena ezagutu, euskarak sortzen duen aberastasun ekonomikoa neurtu eta euskararen inguruko sektoreen dimentsio eta balio ekonomikoa kuantifikatzea izan da ikerlanaren helburua.

   Baztarrikak adierazi du aurreiritzi linguistikoa "aldez aurretik bururatutako ideia bat" dela, eta, gertakarien eta errealitatearen ezagutza objektiboa oinarri hartu beharrean, "karga emozional handia duen uste huts bat edo sinesmen bat" dela bere funtsa. "Aurreiritziak eramaten gaitu, norberak daukanarekiko desberdina den hori, adibidez hizkuntza, kontuan ez hartzera, gutxiestera edo esplizituki arbuiatzera", gaineratu du.

   Hori dela eta, norberaren hizkuntza goraipatzea eskatu du, "bera balitz bezala gizartearen eta norberaren aurrerapenerako egiazki balio duen bakarra". Aurreiritzi linguistikoa "arma bereziki eraginkorra" dela ohartarazi du, "hizkuntza hegemonismoak eta elebakartasunak bizirik iraun dezaten".

   Aurreiritzi horietako batengan jarri du arreta Baztarrikak, eta "balio ekonomikoa duten hizkuntza efikazen eta baliagarriak ez diren -baliogabeak diren- hizkuntzen artean egiten den bereizketari erreparatzeko" eskatu du.

   "Euskal gizarteko zenbait sektoretan oraindik bizirik dagoen aurreiritzia da hori, eta, nire ustez, aurreiritzi hori jaun eta jabe dabil gaur egun Espainiako Estatuan, baita bere hizkuntza aniztasuna aitortzen eta errespetatzen duen Europako Batasun honetan ere. Garai bateko hizkuntza handien eta txikien arteko bereizketaren bertsio eguneratua da balio ekonomikoa duten hizkuntza efikaziadunen eta efikaziarik edo baliagarritasunik gabeko hizkuntzen arteko bereizketa prejuiziosoa", azaldu du.

"PARADIGMA ZAHARRA"

   Ildo horretan, "Estatua-Nazioa-Hizkuntza paradigma zaharra" Europan oraindik indarrean dagoela esan du, "Europako Batasunean ofiziala izatea eta Estatu hizkuntza izatea lotzen dituena". Bere ustez, "ez da inklusiboa, ezta ekitatiboa ere, lehen eta bigarren mailako hizkuntzen artean bereiztea, hizkuntza efikazen eta osagarri edo 'betegarrien' artean bereiztea, globalizazio eta Estatu hizkuntzen eta 'beste' hizkuntzen artean bereiztea, gainerako guztiak gutxiengoen hizkuntzak balira bezala".

   "Nahastu egiten dira gutxiengo baten hizkuntza eta hizkuntza gutxiagotua, eta ahaztu egiten da modu okerrean gutxiengoen hizkuntza deitzen diren horietako asko -hizkuntza ertainak edo erregionalak- lehen hizkuntzatzat sentitzen dituela europar ugarik, eta milioika europar herritarrek erabiltzen dituztela ohikotasunez hezkuntzan, unibertsitatean, enpresan, administrazioan, kultur sorkuntzan, informazio eta komunikazioaren teknologietan eta hedabideetan. Hizkuntza biziak dira, kasu batzuetan oso dinamikoak, baina ez dute bizi-indarra bermatua etorkizunean", azaldu du.

   Baztarrikak adierazi duenez, euskara, adibidez, Interneten nabigatzeko erabiltzen diren hizkuntzen artean 44.a da, Twitter sare sozialean erabiltzen diren 33 hizkuntzen artean dago, Wikipedian 34.a da eta Europar Batasuneko hamar estatu hizkuntzatan baino artikulu gehiago daude euskaraz Wikipedian.

   "Baina, hala ere, kuestionatu egiten da bere balio ekonomikoa. Balio ekonomikoa duten hizkuntza efikazen eta baliagarriak ez diren hizkuntzen -kultur ondare huts diren hizkuntzen- arteko bereizketaren aurrean gaude", azaldu du.

IKERLANA

   Horregatik, Eusko Jaurlaritzak ikerketa egin du euskarak BPGn, balio erantsi gordinean eta enpleguan duen eragin ekonomikoari buruz. Bere hitzetan, ikerketarren emaitzak agerian jartzen du, "argi eta garbi", euskarak gure gizartearen sare ekonomikoan duen garrantzia, "eta lagungarria da euskararen eragingarritasun eta baliagarritasun ekonomikoa zalantzan jartzen edo ukatzen duen aurreiritzia desintegratzeko".

   Ildo horretan, Meirion Prys Jonesek adierazi duenez, "NPLD sarearen helburua da Europan hizkuntza aniztasuna sustatzea. Egia esan, ez dugu ezagutzen gaur aurkeztu dugun bezalako ikerlanik beste komunitate batean. Berriz ere, euskal komunitatea da jarraitu beharreko bidearen gidaritza daramana".

   Modu honetan, euskararekin loturiko sektoreei dagozkien enplegu, BPG eta balio erantsi gordinaren balioak ezagutu eta EAEko datu orokorrekin alderatzea izan da ikerlanaren azken emaitza. Era berean, sektore batek herrialde bateko ekonomian duen eragin ekonomikoa neurtzeko eragin zuzena, zeharkakoa eta induzitua ere hartu dira kontuan.

   Bi irizpide jarraitu dira euskararen sektore gisa zein jarduera kontsideratu ala ez erabakitzeko: alde batetik, hizkuntzari hertsiki lotua dagoen produktua edo zerbitzua izatea, eta, bestetik, hizkuntza jarduera edo produktuaren ezinbesteko edo berezko bitartekoa izanda, hizkuntza hori euskara izatea.

   Hortaz, lau sektorek eta 20 azpisektorek osatu dute ikerketaren eremua. Lau sektoreak, Hizkuntzaren industria, Kultura eta hedabideen industria, Hezkuntza eta unibertsitate arloko jarduerak eta Administrazio publikoa izan dira.

   Ikerlanaren datu nagusiei dagokienez, euskararen loturiko sektoreek 56.142 lanpostu sortzen dituzte (42.724 zuzenekoak, 3.748 zeharkakoak eta 9.670 induzituak), hau da, EAEko enplegu osoaren %6,28. Aldi berean, euskara erkidegoko BPGren %4,19 da, 2.800 milioi euroko ekarpena eginez, eta, beste sektore batzurekin alderatuta, osasunaren (%8,8), turismoaren (%5,8) edo hezkuntzaren (%5,5) atzetik dago, baina I+G+Bren (%2,1) aurretik.