Euskara erabiltzen duten komertzioek 'Kaixo' errotulua eramango dute Donostian

Actualizado: martes, 26 febrero 2013 19:28

DONOSTIA, 26 Feb. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak "Kaixo" kanpaina jarrio du martxan, merkataritza establezimenduetan euskararen erabileran sustazeko asmoz, eta horrela, euskaraz artatzen duten establezimenduek "Kaixo" errotulua izango dute.

Merkatari.net egitasmoaren barruan, Donostiako zapzi auzotako (Parte Zaharra, Gros, Egia, Amara, Erdialdea, Antigua, Altza) hamar kale komertzialetako (Fermin Calbeton, Secundino Esnaola, Karmengo Andre Maria, Antso Jakituna, Madrid hiribidea, Garibai, Hondarribia, Urbieta, Matia eta Larratxo) 544 establezimenduren egoera soziolinguistikoa aztertu ondoren iaz Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak egindako azterketan, bezeroa euskaraz hartzeko gaitasuna duten 191 establezimendu daudela ikusi da.

Horrela, euskararen erabilera sustatzeko asmoz bereiztu ditu Euskara Zerbitzuak aipatu establezimenduak, eta 191 establezimendu horietan zerbitzua euskaraz eman dezaketela baieztatu da bertako langileen erdia, gutxienez, euskalduna baita. Egitasmoaren helburu nagusia bezeroei euskara erabiltzeko aukera ematen dieten 191 establezimendu horiek errotulatzen hastea da bezeroak bertan euskaraz egin dezakeela jakin dezan.

Urbieta kaleko "Casa Rodríguez" izan da errotulatzen lehena. Mari Jose Rodriguez merkatariak pozik hartu du ekimen berria, "guk, betidanik, euskaraz egin dugun arren dendan 'Kaixo' ekimena oso lagungarria egingo zaigulako, bezeroak berehala konturatuko baitira Casa Rodriguezen euskaraz egin dezaketela". "Euskara balio erantsia da gure negozioarentzat, zerbitzu hobea emateko moduan baikaude", gaineratu du.

'Kaixo' hitza da errotulu horretako irudi nagusia. Nerea Txapartegi Kulturako eta Euskarako ordezkariaren esanetan, "'Kaixo' hitzarekin, bezero-dendariaren arteko elkarrizketaren lehen hitza euskaraz izatera bultzatu nahi da, solaskideak euskaldunak direla eta euskaraz egin nahi dutela agerian jarrita, euskararen erabilerarako aukerak gehitu egingo baitira".

Errotuluak jartzeko gonbita egiteaz gain, bisitan joango diren Siadeco enpresako teknikariek euskararen erabilera sustatzeko ekintza gehiago proposatuko diete merkatari eta ostalariei. Era berean, establezimendu bakoitzean euskarazko komunikazioa hobetzeko dauden aukerak aztertuko dituzte.

PRPIEKTU PILOTUA

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, Donostiako zazpi auzotako hamar kale komertzialetan kokatutako 544 establezimenduren egoera soziolinguistikoa aztertzeko proiektu pilotua jarri zuen abian 2012an. Azterketa egiteko establezimendu horietara jo zenez, ikerketaren emaitza nagusiak eskuorri batean jaso eta parte hartu zutenei helaraziko zaizkie. 353 establezimenduk esku orria jaso dute dagoeneko eta gainerako 191k eskura jasoko dute datozen egunetan.

Esku orri horretan informazio anitza dago: hizkuntzek komunikazio komertzialean duten garrantzia, establezimenduetako hizkuntzen ezagutza, merkataritza arloko hizkuntza paisaia edota euskararen erabilerari buruzko datuak establezimenduetan. Horrez gain, Donostiako Udalak establezimenduen esku jartzen dituen hizkuntza zerbitzuen inguruko informazioa ere ematen da: diru-laguntzak, ikastaroen eskaintza, testuen itzulpena edota zuzenketa egiteko zerbitzua, komunikazio komertziala hobetzeko tresnak eta abar.

Merkatari.net egitasmo hau aurrera eramateko, Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzua elkarlanean aritu da merkataritza eta ostalaritza sektoreko SShops Donostia, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea eta Gipuzkoako Merkatarien Elkartearekin. Siadeco enpresa da lanaren zuzendaritza teknikoaz arduratzen ari dena.