BILBO 24 May. (EUROPA PRESS) -
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Udako Ikastaroek atzerriko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasteko prestakuntza ikastaroa eskainiko dute hirugarren urtez, Etxepare Euskal Institutuaren eta EHUko Euskara Errektoreordetzaren lankidetzaz, "Excellence in Basque Estudies" izenburupean. Uztailaren 4an eta 5an izango da, Donostiako Miramar Jauregian, eta edonorentzat irekita dago. Matrikula egiteko epea zabalik dago eta merkeagoa da maiatzaren 31 baino lehen eginez gero.
Euskara eta euskal kultura nazioartean sustatu eta hedatzea du helburu Etxepare Euskal Institutuak. Gaur egun, 38 irakurletza ditu Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan, hau da, euskara eta euskal kulturako 30 bat irakasle. Horiez gain, hiru katedra ere sortu ditu, bi AEBetan (Chicago eta New York hirietan) eta Alemanian bestea (Frankfurten). Kopuru horiek gorantz joango dira hurrengo urteotan.
Etxepare Euskal Institututik jakinarazi dutenez, ikastaro honek egungo irakurleen eta etorkizunekoen prestakuntza sendotu nahi du, eta horretarako, euskararen eta euskal kulturaren jakintza arlo desberdinetako adituak gonbidatu dira. Hortik datorkio "Excellence in Basque Studies" izenburua, prestigiozko ikertzaile eta irakasleek euskal ikasketei egindako ekarpena jaso nahi duelako ikastaro honek.
Aurtengo ikastaroan soziolinguistika, literatura, dantza, musika klasikoa edo euskal artea izango dira hizpide, eta eskola teorikoez gain, Etxepare Euskal Institutuaren irakurle sarean lanean ari diren irakasleen eskutik mintegi praktikoak ere antolatuko dira.
Ikastaroa irekita dago matrikulatu nahi duen edonorentzat. Matrikula eskaera maiatzaren 31ra bitartean egin daiteke, eta 60 euroko prezioa du; ekainaren 1etik aurrera berriz, 68 euro. Ikastaroa euskaraz emango da, eta bere balio akademikoa 20 kreditukoa izango da.