Euskara eta euskal kulturaren inguruko jardueren egitaraua hasiko da bihar Deustun (Bilbo)

Actualizado: miércoles, 16 noviembre 2011 15:02

BILBO, 16 Nov. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, barruti bakoitzean hiri osoarentzat erreferente bilakatuko den kultur programazio propioa bultzatzeko martxan jarri duen ildoari jarraituz, "Deustura Udazkeneko Kultura" izeneko programa estreinatuko du udazken honetan Deustun. Euskal kulturan eta euskararen inguruan oinarrituko da egitaraua, Bilbon euskal hiztun gehien dituen barrutian.

Programazioak Deustuko Berbaizu Euskera Elkartearen, Escribe-Lee Elkartearen eta Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioaren laguntza du, eta azaroaren 18tik 25era bitartean egingo da, Deustuko Udaltegian eta Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioan. Programazioaren barruan, musika kontzertuak, antzezlanak, mendizaletasunari buruzko dokumentalen proiekzioak eta bertsolariak egongo dira, besteak beste.

Egitaraua azaroaren 18an hasiko da, 19:30ean, Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioan, bertsolariak, txalaparta eta bi aizkolariren aizkoren soinua uztartuko dituen kontzertu batekin, eta Alex Txikon mendizaleak Makalu eta Gasherbrum I gailurretara egindako igoerei buruzko bi dokumentalen proiekzioarekin.

Halaber, "Deustura Udazkeneko Kultura" programazioaren barruan, azaroaren 21ean eta 22an, bi antzezlan eta umeei eta familiei bereziki eskainita egongo den txotxongiloen ikuskizun bat ere izango dira. Ikuskizun horrek bertsolaritzara hurbiltzeko proposamena egiten die umeei, "Katillukadak" ikuskizunean izango diren txotxongiloekin.

Halaber, poesia ere izango da, Kirmen Uribe ondarrutarrarekin, azaroaren 22an. Musikari dagokionez, Bilboko Txistularien Bandak eta Naroa Intxaustik kontzertua emango dute elkarrekin azaroaren 23an, Bizkaiko Gaiteroek saioa eskainiko dute azaroaren 24an, eta Mursegok eta Anarik azaroaren 25ean joko dute.