"Euskara Foru Aldundien ibilbidean" jardunaldia egingo da otsailaren 19an, Bilbon

Actualizado: miércoles, 10 febrero 2016 16:25

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   Euskaltzaindiak, Sabino Arana Fundazioak eta Zuzenbidearen Euskal Akademiak "Euskara Foru Aldundien ibilbidean" izeneko jardunaldia antolatu dute otsailaren 19rako, Bilbon, euskarak euskal herritarren erakunde bizitzan izan duen erabileraz hausnartzeko. Jardunaldia 9:15etik 13:15era izango da, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, antolakuntzak jakinarazi duenez.

   Jardunaldia antolatu duten erakundeotako ordezkariek azpimarratu dutenez, gaia ikuspegi historikotik jorratuko da. Euskara lege, administrazio eta gizarte esparruetan bizirik egon zedin, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek 1917 eta 1923 artean izan zuten ekimen garrantzitsua aztertuko da.

   Jardunaldian bertan, "Euskara Foru Aldundien zirkularretan: Bizkaia (1917-1919). Gipuzkoa (1918-1923)" liburua aurkeztuko dute Markel Olano eta Unai Rementeria Gipuzkoako eta Bizkaiko ahaldun nagusiek, 11:30ean. Liburua Zuzenbidearen Euskal Akademiak kaleratu du eta Andres Urrutia da argitaratzailea.

   Jardunaldian hauek izango dira hizlari: Juan Madariaga Nafarroako Unibertsitateko Publikoko irakaslea, Andres Urrutia euskaltzainburu eta Zuzenbidearen Euskal Akademiaren presidenteordea, Joseba K. Pérez de Heredia Arabako Euskara, Kultura eta Kirol zuzendaria, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria eta Mikel Irizar Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusia. Aldibereko itzulpena izango da.