Euskara ikastaroetan izena ematea bultzatuko dute Bilboko Udalak eta euskaltegiek

Actualizado: miércoles, 7 septiembre 2011 16:05

BILBO, 7 Sep. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak eta hiriko euskaltegiek 2011-2012 ikasturtean euskara ikastaroetan matrikulatzea bultzatuko dute. Ikastarootan izena emateko epea datorren astean hasiko da, Sabin Anuzita Saileko zinegotziak iragarri duenez.

Bere esanetan, bilbotarrek euskara ikasteko baliabide hau bultzatu nahi dute ekimen honen bidez. Gainera, euskaltegiak euskara ikasteko, hitz egiteko eta normalizatzeko "bitarteko garrantzitsuenetakoa" direla nabarmendu du.

2010-2011 ikasturtean 10.000tik gora lagun matrikulatu ziren euskaltegietan, haietako %65 emakumezkoak. 16 urtetik gora, berriz, adin guztietako pertsonak matrikulatzen dira; gainera, adin-tarteen (gaztetxoak edo helduak) portzentajeak antzekoak dira. Derrigorrezko hezkuntzan lortutako maila dela-eta, azken urteetan gero eta gehiago dira euskaltegietan erdiko eta goiko mailetan hasten direnak.

Bilbon 18 euskaltegi daude, hiriko zortzi barrutietan banatuta, eta dagoeneko ia auzo guztiek dute euskaltegi bat. "Lan didaktiko eta profesionaltasun bikainak dira euskaltegien ezaugarririk behinenak. Ez da edozelakoa eskola-orduetatik kanpo euskararen erabilera bultzatzeko egin ohi duten ahalegina ere, jarduera kulturalak, ludikoak eta jai-girokoak antolatuta", azaldu du.

Halaber, norbere kabuz ikasteko sistema ere hasi dira erabiltzen euskaltegien ia %10ean, "euskara ikasteko tresna bat gehiago da-eta".