Euskara ikastea doakoa izateko eskaera egin du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean

Actualizado: viernes, 10 marzo 2017 14:25

GASTEIZ, 10 (EUROPA PRESS)

EH Bildu koalizioak legez besteko proposamena erregistratu du ostiral honetan Eusko Legebiltzarrean, "euskalgintzaren aldarrikapen historiko batekin" bat eginez, eta euskara ikastea (C1 maila arte) doakoa izateko urratsak eman ditzala eskatu dio Jaurlaritzari ekimenaren bitartez.

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak gogoratu duenez, "EAJri eta PSEri hitzetatik ekintzetara pasatzeko gonbidapena da, ez gehiago eta ez gutxiago, euren gobernu akordioan jasota baitago B2 maila arte doakoa izatea".

"Euskara ikasteko laguntzen sistema anabasa bat da. Administrazioaren diru laguntzaren kopurua, jasotzeko baldintzak eta moldalitateak tokiz toki eta erakundez erakunde aldatzen direla esan daiteke okertzeko arrisku handirik gabe. Halaber, sistema ez da justua ezta unibertsala ere, herritar jakin batek eskura dezakeen diru laguntza bizi den udalerriaren menpe dagoelako, besteak beste, eta askotxo dira herritarrei euskara ikasteko laguntzarik ematen ez dieten udalak", esan du Uberak idatzian.

EH Bildurentzat, "herritar guztiek euskara ikasteko aukera berdintasuna izan dezaten, ezinbestekoa da diru laguntzen sistema bateratua, unibertsala eta berdintasunezkoa antolatzea".