Euskara ikastea norberarentzat eta gizartearentzat "abantaila" dela dio Urkulluk

Actualizado: viernes, 11 septiembre 2015 14:16

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

   Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak azpimarratu du euskara ikasteak "abantailak" dakarzkiola bai norberari, bai gizarteari. HABEren helduen euskalduntzearen 2015/2016 ikasturtea inauguratu du Urkulluk ostiral honetan Bilbon.

   Euskadiko Artxibo Historikoan egin den irekiera ekitaldian, Urkullurekin batera, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, Joseba Erkizia HABEren zuzendari nagusia, Manuel Carreiras Basque Center on Cognition, Brain and Language zentroko zuzendari zientifikoa eta euskaltegietako ordezkariak egon dira, besteak beste.

   Bere hitzaldian, Urkulluk euskaraz alfabetatzeko egin ziren lehen urratsak gogorarazi eta lan horren balioa azpimarratu du. "Aurten 50 urte betetzen dira euskaraz alfabetatzeko lehenengo kanpaina abian jarri zenetik. Gaur, lehenengo alfabetatze eskola haiek ekarri nahi ditut gogora: Rikardo Arregi zenaren ekimenez eta Euskaltzaindiaren babespean antolatu ziren. Gazte euskaltzale haiek ikusmen handia izan zuten. Garbi ikusten zuten euskarak kultura hizkuntza ere behar zuela izan; ezin zuela etxera edo lagunartera mugaturik iraun", esan du.

   Euskaltegiek egiten duten ekarpena ere mintzagai izan du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. "Gizarte elebiduna osatzea" dela helburua adierazi du, eta gizarte elebidunak "herritar elebidunak" behar dituela. "Horretan ari gara etengabe, eta 300.000tik gora hiztun berri irabazi ditu euskarak. Berriro diot, 300.000tik gora. Horietatik heren bat helduen euskalduntzeak eman ditu, euskaltegietatik irten dira. Izugarrizko urratsa egin dugu. Baina oraindik asko dugu egiteko", gaineratu du.

   Hizkuntza bat baino gehiago ikasteak dakartzan "abantailak" nabarmendu ditu. Bere hitzetan, "hizkuntza bat ikasteak abantaila asko ematen dizkio norberari. Abantaila asko dakarzkio gizarteari ere, berdintasunerako bere alea jartzen du heldutan euskara ikasten duen herritar bakoitzak, gizarte-kohesiorako zurkaitz berri bat".

   "Beraz, euskara ikasteko pausoa ematera gonbidatu nahi ditut herritar elebakarrak. Jakizue, heldu euskaldun berri bakoitza ekarpen garrantzitsua dela gure gizartearentzat. Zenbat eta elebitasun zabalagoa, orduan eta elkarbizitza hobea, orduan eta berdintasun sendoagoa. Euskara ikastea ez da inoren kalte, norberaren eta beste guztion mesede baizik. Euskara heldutan ikasteko pausoa ematen duenak ekarpen eskerga egiten dio bizikidetzari", esan du.

"BAT EGITEN GAITU"

   Euskaltegietako ordezkariek ere parte hartu dute Euskadiko Artxibo Historikoan egin den ekitaldian, eta, euskaltegi publikoen izenean, Mari Paz Martinek hitz egin du. Euskarak bat egiten gaituela azpimarratu du bere hitzaldian.

   "Euskarak, gure hizkuntzak, hain berezia den hizkuntza horrek, beste hizkuntzak bezain erraza edo zaila den horrek, hain hitz, esamolde eta soinu bereziak dituen horrek, batu egiten gaitu, eta, helburu hori lortzeko ahaleginetan jarraituko dugu, eta gure baliabideak eta gogoa horretara jarriko, aurten ere, EAEko udal euskaltegi guztiok, herritar guztion zerbitzuan", azaldu du.

   Euskaltegi pribatuen izenean berriz, Josu Muniozguren aritu da. "Euskara ikastea zaila omen dela entzuna dugu. Hainbat eta hainbat ikasle ohik esan dezakete ezetz. Badakizue 'gura edo nahi' izatea 'ahal' izatea dela. Zuk, ikaslegai horrek, ekarri nahia edo gura eta guk 'euskahaldun' bihurtuko zaitugu", adierazi du Muniozgurenek.

   Ikasturteko irekiera-hitzaldia, azkenik, Manuel Carreiras BCBL (Basque Center on Cognition, Brain and Language) ikerketa erakundeko zuzendari zientifikoak eman du aurten. "Bi hizkuntza garun batean - Mekanismo kognitiboak eta garun-plastikotasuna elebidunetan" izenburupean. Elebidun izateak prozesu kognitiboetan dituen ondorioak azaldu ditu zientzialariak.