Euskara ikasten lagunduz langabeei enplegua aurkitzea errazteko hitzarmena sinatu dute HABEk eta Lanbidek

HABEren eta Lanbideren arteko hitzarmenaren aurkezpena
IREKIA
Actualizado: viernes, 22 septiembre 2017 12:46

DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)

Lanbide Enpleguko Euskal Zerbitzuak eta HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntze Erakundeak hitzarmen bat sinatu dute, langabezia egoeran dauden pertsonek euskara ikasteko eta horrela enplegua aurkitzea errazago izateko helburuarekin. Bi aldeek sinatutako hitzarmenean, 200.000 euroko inbertsioa finkatu da 2017-2018 ikasturterako.

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Donostian aurkeztu dute ostiral honetan bi erakundeen arteko hitzarmena. Aurkezpenean, Lanbideko zuzendari Borja Belandia eta HABEko zuzendari Jokin Azkue ere izan dira.

Proiektu pilotu hau Lanbideren bitartez ikastaroak egiten ari direnei dago zuzenduta, eta helburu da langabee enplegua aurkitzea erraztea eta euskaraz ikasteko garaian erraztasun handienak emateko Jaurlaritzaren apustuan sakontzea.

Artolazabalek nabarmendu du garrantzitsua dela apustu hori langabeek enplegua aurkitzeari begira. "Lanbidek antzeman du zerbitzu elebidunen eskariak gora egin duela oro har jendeari arreta egitearekin lotutako lanbide arloetan, zerbitzuen sektorearen barruan, bereziki, gure lurraldeko eremu euskaldunduenetan", adierazi du.

Hori dela eta, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren ustez, prestakuntza espezialitate horietako ekintza kualifikatzaileetan diharduten lanik gabeko langileek enplegua aurkitzeko aukera areagotu ahal dute enplegu eskariari euskararen ezagutza egiaztatua erantsiz gero. "Hau da, aldibereko prestakuntza da, ikuspegi profesionaletik ere euskaraz jakitea komeniko zaion orori batik bat zuzendutakoa", gaineratu du.

HABEren eta Lanbideren arteko hitzarmenak ezartzen du laguntzak eskuratu ahal izango dituztela euskal enplegu zerbitzuan izena emanda dauden langabeek; zehazki, Lanbidek diruz lagundutako profesionaltasun ziurtagiriak lortzera zuzendutako ekintza kualifikatzaileak ikasten ari direnek. Edonola ere, 2014an, 2015ean edo 2016an Lanbidek onartutako diru laguntzen deialdien esparruan egindako ekintzetan dagokion profesionaltasun ziurtagiria lortu dutenek ere parte hartu ahal izango dute.

Ildo horretan, Artolazabalen hitzetan, "hizkuntza trebakuntzako ikastaroek parte hartzen duten langabeei bide emango diete beren jardueraren helburu Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleria elebiduna duten enpresetan laneratzeko aukerak areagotzeko".

EUSKARA IKASTEA ERRAZTU

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak joera euskara ikastearen bidea errazteko duen joera nabarmendu du. "Joan den astean euskaltegietako matrikulazio kanpaina aurkeztu genuen, eta euskara ikasteko erraztasunak eskaintzen jarraitzeko dugun asmoa azpimarratu genuen. Aurkezten dugun hitzarmenaren helburua da beste esparru batzuetan prestatzen ari diren pertsonak euskarara hurbiltzea. Kasu honetan, euskarak, gauza positibo asko ekarriko dizkien mundu baterako ateak zabaldu ez ezik, lan aukera gehiago ekar diezazkieke", azaldu du.

Horrela, Lanbideren ikastaroren bat egiten ari direnen kasuan, euskarazko prestakuntza aldi berean egingo da, baina haren ikastorduetatik kanpo. Horiek aukera izango dute HABErekin hitzarmena duten EAEko 103 euskaltegi publiko nahiz pribatuetako edozeinetan izena emateko, eta edozein maila egin ahal izango dute, A1etik C2raino. Hitzarmenak jasotzen du, A-1 mailaren kasuan, gutxienez 125 ikastorduko ikastaro batera joan beharko dutela; gainerako mailetan, berriz, gutxienez 165 ordu egin beharko dituzte.

Laguntza horiek eskuratzeko interesa dutenek Lanbiden eskatu beharko dute hizkuntza trebakuntzarako ikastaroetan parte hartzea. Hortik aurrera, enplegu zerbitzuak egiaztatu egingo du, izena ematearen hurrenkeran, pertsona horrek eskakizunak betetzen dituela eta, onartua izanez gero, jakinaraziko dio hautatzen duen euskaltegian Lanbidek baliozkotutako fitxa aurkeztu behar duela.

Era berean, Lanbideren bulego sarean eta www.lanbide.euskadi.eus web orrian informazioa emango da euskarazko hizkuntza trebakuntzako ekintzetarako prestakuntza eskaintzaren inguruan, prestakuntzari ikastaroei buruzko atalean, interesa duen edonorentzat. Hitzarmena 2018ko ekainaren 30era arte egongo da indarrean. Dena den, gehienez lau urtez luzatzeko aukera dago.

Aurkezpenean gogoratu dutenez, HABEren eta Lanbideren arteko hitzarmenaren babesean bultzatuko diren laguntzez gain, Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek diru laguntza eta bestelako laguntza ugari eskaintzen dizkiete euskara ikasteko interesa dutenei. Ostiral honetan aurkeztutako laguntzak eskuratu ezin ditzaketen langabeek gainerako herri erakundeek bultzatutako laguntzak jaso ahal izango dituzte.