Bikain ziurtagiriak administrazioetan "are gehiago zabaltzeko ahalegina" egingo du

Bikain ziurtagiri berritua aurkeztu dute
IREKIA
Actualizado: miércoles, 31 mayo 2017 13:54

DONOSTIA, 31 (EUROPA PRESS)

Bikain euskararen kalitate ziurtagiriaren proiektuak fase berri bati ekin dio eta euskara lan munduan sustatzeko bere helburua administrazioetan "are gehiago zabaltzeko ahalegina" egingo du. Gaur egun, 313 entitatek dute Bikain ziurtagiria eta horietan 58.466 langile daude.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Donostian aurkeztu du asteazken honetan Bikain ziurtagiriaren dekretu berria eta bi berritasun nagusi nabarmendu ditu: administrazioan gehiago zabaltzeko egitura berri bat eta kanpo ebaluazioa urte osoan zehar egiteko aukera.

Zupiriak Josune Zabala Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariarekin batera aurkeztu du Bikain ziurtagiriaren bide berria. Gainera, ziurtagiriaren proiektuarekin bat egiteko apustua egin duten bi enpresetako eta administrazio publiko bateko ordezkariak ere izan dira: Guggenheim Bilbao Museoko Edizio eta Itzulpenen koordinatzaile Nerea Virto, Bankoako Prestakuntza eta Barne Komunikazio saileko zuzendari Ana Urkiza eta Berrizko alkate Orland Isoird. Guztiek euskarari lan munduan bideak irekitzearen garrantzia nabarmendu dute eta euskara balioa erantsia dela azpimarratu dute.

Jaurlaritzaren gobernu bilerak asteartean onartutako dekretu berriaren eraginez, Bikain ziurtagiria eskura dezaketen entitateak bi multzotan banatuko dira: alde batetik, entitate pribatuak eta sozietate publikoak, eta, bestetik, erakunde publikoak. Administrazioei bidea zabaltze aldera, hauen erabilera planen egitura Bikain ziurtagiriarenarekin alderatu eta plan egitura bateratua sortu da. Horrela, administrazioek egin beharko duten bidea "askoz ere errazagoa" izango da, euren planak koherenteak izango baitira Bikain eskuratzeko planekin. 2008-2016 aldian 51 izan dira Bikain ziurtagiri mailaren bat eskuratu duten erakunde publikoak (8 Araban, 15 Bizkaian eta 28 Gipuzkoan).

"Bikain ziurtagiriaren proiektua jaio zenetik zabalik egon da era guztietako entitateentzat, eta administrazioek ez dute bide hori itxirik izan. Hala ere, ziurtagirien eredua berrikusteari eta eguneratzeari ekin zaionean, proiektuak administrazioaren munduan aukera handiak izan zitzakeela ikusi da. Aukera horiek aprobetxatzeko egokitzapen batzuk egin behar genituen, eta horren emaitza da gaur aurkezten ari garen dekretu berria. Gure helburua euskara lan munduan sustatzea da, eta urte hauetan zehar ikusi ahal izan dugun bezala, Bikain ziurtagiria oso tresna eraginkorra da hori lortzeko", azaldu du Zupiriak.

DEIALDIAK DESAGERTU

Dekretu berriari esker, Bikain eskuratzeko deialdiak desagertu egingo dira, eta kanpo ebaluazioa eskatzeko epea urte osoan zehar izango da zabalik. Zabalak azaldu duenez, neurri horrek ere enpresen bidea erraztuko du. "Orain arte deialdi bat egoten zen urtean zehar, eta horren ostean aurkez zitezkeen eskaerak. Bikain berriari esker, aldiz, urte osoan zehar izango da ebaluazioa eskatzeko aukera", esan du.

Halaber, bestelako berritasunak egongo dira ere; esate baterako, aurrerantzean eskaerak tramitatzeko bide bakarra telematikoa izango da, Erreferentzia Marko Estandarraren (EME) eredua aldatu da eta, bestalde, ebaluazioa eskatzeko orduan, 250 langiletik gora duten entitate guztiek berdintasun plana izan beharko dute.

Orain arte bezala, hiru ziurtagiri maila izango dira, baina agiria lortzeko ponderazioa igo egin da horietako bitan: goi mailako edo Urrezko Bikain ziurtagiria lortzeko 800 puntu eskatuko dira (lehen 700); bigarren maila edo Zilarrezkorako, 500 puntu (lehen 400), eta oinarrizkorako, 200 puntu.

Ziurtagirien kudeaketa teknikoari dagokionez, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak egingo du, orain arte bezala, baina gidaritza eta artezketa lanaren kasuan, organo bat eratu da: Artezkaritza Kontseilua. Erakunde hau partaidetza sozialeko organo aholku emailea da, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikia. Jaurlaritzarekin batera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek, Eudel Euskal Udalen Elkarteak, Confebask, Adegi, Cebek eta SEA patronalek eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak osatuko dute.

"ERREFERENTZIA"

Agerraldian nabarmendu dute Bikain ziurtagiria "erreferentzia" bilakatu dela enpresen euskararen aldeko apustua neurtzeko orduan. Modu honetan, azken bi urteak izan dira enpresa gehien gehitu dizkiotenak ziurtagiria dutenen zerrendari: 117 entitatek lortu zuten aitorpena 2015ean eta 2016an, eta 2017an ere oso datu positiboak espero dira.

Hortaz, goranzko joera argia antzematen da, ziurtagirien lehen urteetako batez besteko enpresa kopurua biderkatzen ari baita. Azken datuen arabera, 58.466 langile inguruk egiten dute lan Bikain ziurtagiria duten 313 enpresetan. 2016n proiektura gehitu ziren 52 enpresek asko lagundu zuten bide horretan, 21.490 langile gehitu baitzituzten.

2008tik ziurtagiri mailaren bat lortu duten entitateetatik, 120k goi mailakoa eskuratu dute, 128k tartekoa eta 65ek oinarrizkoa. Lurraldeka, 187 enpresa gipuzkoarrak dira, 105 Bizkaikoak eta 21 Araban daude. Bikain ziurtagiriaren kanpo ebaluazioa egiteko ardura Ebaluatzaileen Klubarena da, proiektu honen zutabeetako bat. Iaz, 190 kide aritu ziren ebaluatze lanetan, inoizko kopururik altuena. Ebaluatzaileen Klubeko kide izateko berariaz antolatuko diren prestakuntza saioetan parte hartzea ezinbestekoa izango da. Guztira, 550 kide baino gehiago daude Ebaluatzaile Klubean.