Euskara normaltasunez erabiltzeko eta eremu berriak lortzeko erronka azpimarratu dute hiriburuetako alkateek

Euskal Herriko alkate euskaldunak
MONDRAGON UNIBERTSITATEA
Actualizado: jueves, 10 marzo 2016 18:31

DONOSTIA, 10 (EUROPA PRESS)

   Euskara esparru guztietan normaltasunez erabiltzea eta haren erabilerarako eremu berriak lortzea dira Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñeko eta Mauleko alkateek euskararen normalizazioaren inguruan nabarmendu dituzten erronkak.

   Juan Mari Aburto (Bilbo), Eneko Goia (Donostia), Gorka Urtaran (Gasteiz), Joseba Asiron (Iruñea) eta Michel Etchebeste (Maule) Mondragon Unibertsitateko (MU) Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean bildu dira ostegun honetan, Eskoriatzan (Gipuzkoa), MUk antolatutako jardunaldian. Euskararekin zer harreman duten eta norberaren udalerrian euskararen inguruan zer erronka dauden aztertzeko bildu ditu bost alkateak.

   Jardunaldiaren izenburua, "Euskal Herriko hiriburuetako alkateak. Euskararekiko harremana eta etorkizuneko erronkak" izan da, eta unibertsitateko jendeari eta publiko orokorrari zuzenduta egon da. Fakultateko Euskara Batzordeak urtero antolatzen duen kultur egitarauaren barruan egon da topaketa, eta euskararen aldeko jardueretako bat da.

   Jardunaldiaren lehen zatian, parte hartzaileen udalerrietan euskararen arloan dauden erronketan jarri da arreta, eta bigarrenean, alkate bakoitzak euskararekin zer harreman duen -alegia, euskararekiko zer ibilbide pertsonal duen- azaldu du.

   Horrela, Juan Mari Aburtok azpimarratu du Bilbok Euskararen Aholku Kontseilua sortu duela lehen aldiz, Euskaltzaindiarekin eta euskarazko sorkuntza eta irakaskuntza sektoreekin dituen lan harremanak sendotu dituela eta hirian euskararen inguruan antolatzen diren ekitaldi guztietan parte hartzen duela.

   Bere hitzetan, "Bilbo eta euskara eskua elkarri emanda doaz. Bilbo euskaldunagoa nahi dugu, eta horixe da agintaldi honetarako proiektu estrategikoetako bat. Euskara jakin, erabili eta sustatu egin behar da. Hitz batean: maitatu".

   Bestalde, Eneko Goiak azaldu duenez, "euskara etxeko hizkuntza izan da, ama hizkuntza. Neure-neurea den zerbait bezala dut, maitea, eta, zorionez, bizia. Ikasketak ere euskaraz egin ditut eta familian, kalean zein lan ibilbidean erabiltzeko parada izan dut eta dut".

   Donostia hiri euskalduna dela eta Donostiako Udalean ere euskarak bere lekua duela azpimarratu du, "lan hizkuntza bezala oso hedatua dagoelako". "Donostia, Euskararen Hiria bezala ezaguna da, eta erakunde zein botere publikoek ardura berezia dugu euskararen erabilera bermatu eta bultzatzen", azaldu du.

   Datozen urteotako erronkei dagokienez, erabileran ahalegin berezia egitea aipatu du, "gazte jendeak dugun altxorraz jabetu eta bizi mantendu dezan". "Horretarako, esparru zahar zein berriak eskuratu behar ditu: kalea, aisia, jolasa eta, nola ez, Internet eta teknologia berrien esparruak. Euskara normaltasunez erabiltzea da erronka, bere iraupena eguneroko errealitate izan dadin", gaineratu du.

IRUÑEA

   Joseba Asiron Iruñeko alkateari dagokionez, aitaren familia Elizondokoa zela gogorarazi du, eta euskalduna izatea zela "haren patua", bere arbasoak ziren bezala, nahiz eta gerra zibila zela-eta kanpora joan behar izan zuten eta ezin izan zuen ikasi. "Gaur, bere biloba guztiak euskaraz mintzo dira naturaltasun osoz. Nik neuk, heldua nintzela ikasi nuen, baina orain nire egunerokoaren hizkuntza naturala da, lanean, familian eta lagunekin", adierazi du.

   Iruñean 1990eko hamarkadan euskarak atzera egin zuela baina gutxika berreskuratuz doala azpimarratu du, eta hori ez dela izan erakundeek egindako langatik, "jendearen borondateari esker baizik". Oraindik Iruñean "lan asko" dagoela egiteke esan du, "urteetan zehar hizkuntza desagerrarazi nahi izan baita, ia ia arrotz egiteraino".

   "Gure erronka euskarak erabilera lekuak berreskuratzea da, horretarako herritarren hizkuntza eskubideak bermatuz eta euskara hirian normalizatuz. Administrazioan ere euskararen erabilera normaldu nahi dugu, euskalgintzarekin elkarlanean aritu, eta aurrekontuetan ere handitu egin dugu euskarari bideratutako partida", azaldu du.

   Halaber, Gorka Urtaran Gasteizko esan du unibertsitate garaian ikasi zuela euskara, eta euskaltegira joaten zela 20:00etatik 22:00etara eta oporrak barnetegira joateko aprobetxatzen zituela. Garai hura "oso atsegina" izan zela adierazi du. "Horrela gogoratzen du behintzat. Asko disfrutatu nuen eta lagun asko egin nituen", esan du.

   Legealdi honetarako erronkei dagokienez, konpromisoa hartu du Euskara Zerbitzuari "egonkortasun handiagoa eta baliabide gehiago" emateko, Euskararen Sektore Kontseilua berreskuratzeko eta Oihaneder Euskararen Etxea bultzatzeko eta Gasteiz antzokia martxan jartzeko. Gainera, esan du gogotik saiatuko dela Euskararen Erabilera Normalizatzeko Udal Plana eta  2013-2017 aldirako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatzen.

   Halaber, aurrekontuak handituko ditu helduen euskara irakaskuntzan, familia transmisioan, aisian eta denbora librean, saltokietan eta ostalaritzan, kulturan eta komunikabideetan eta abar.