Euskara Parisko Expolangues munduko hizkuntzen azokan izango da

Actualizado: martes, 5 febrero 2013 13:52
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

   Europa mailako hizkuntzen azoka garrantzitsuenetakoa den Parisko Expolangues azoka asteazken honetatik larunbatera bitartean burutuko da aurten, eta han izango da euskara berriro, Etxepare Euskal Institutuak euskarari buruzko argibidea eta baliabide ezberdinen berri emango duen stand bat antolatu baitu. Azkue Fundazioak eta Langune hizkuntzen industriaren alorreko enpresek ere gunean egoteko eta haiek sortutako materialen eta zerbitzuen zabalkundea egiteko aukera izango dute, Institutuak luzatu dien lankidetza-gonbidapenari esker.

   Bestalde, Argitxu Camus Sorbonne Nouvelle III Unibertsitateko irakurle ohiak emango duen hitzaldia eta Mariasun Landa idazleak eta Garikoitz Mendizabal txistulariak sortutako emanaldi literarioa eta musikala ere izango dira azokan. Halaber, emanaldi literarioak antolatu dira Sorbonne Nouvelle III Unibertsitatean eta Parisko Cervantes Institutuan.

   Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, Expo Port de Versaillesen burutzen den Expolangues azokak mundu osoko hizkuntzak hartzen ditu bere baitan: aurten 80 hizkuntza bilduko dira eta 24.000 bisitari inguru espero dituzte, iazko kopuruen arabera.

   Horrela, Etxepare Euskal Institutuko standera gerturatuko direnek euskarari buruzko azalpen eta bitarteko ezberdinak aurkituko dituzte: liburuak, material didaktikoa, hiztegiak, euskara mundu osoan ikasteko baliabideen berri, beste hizkuntzetara itzuli diren euskarazko liburuen katalogoak edota euskaraz lehen urratsak egiteko aukera. "Badu, Bada - Euskara mundu eleanitzean" erakusketari buruzko argibidea ere banatuko da bertan eta katalogoa eleaniztuna ere ikusgai izango da.

   Euskarari buruzko standa Azkue Fundazioaren eta Langune hizkuntzen industriaren alorreko Euskal Herriko enpresen topagune ere bilakatuko da. Izan ere, haien materialen eta zerbitzuen zabalkundea egiteaz gain, erakunde eta enpresa horietako zenbait ordezkari ere azokan izango dira, Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarekin eta Mari Jose Olaziregi Euskararen Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendariarekin bat eginez.

   Zehazki, Josune Ariztondo eta Miren Dobaran (Bizkaiko Foru Aldundia eta Azkue Fundazioa), Fernando Alana (Langune), Miren Azkarate eta Pello Salaburu (Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutua), Joseba Ossa (Bakun), Itziar Nogueras (Elhuyar Fundazioa) eta Elena Garcia (Eleka / Elhuyar Fundazioa) izango dira.

BESTE EKINTZAK

   Bestalde, Expolangues zabalik dagoen bitartean, eta euskara eta euskal kulturaren presentzia Parisen areagotzeko asmoz, Etxepare Euskal Institutuak lau ekintza antolatu ditu. Horietako bi azokan bertan izango dira, eta beste biak, Sorbonne Nouvelle III Unibertsitatean eta Parisko Cervantes Institutuan.

   Horrela, ostegunean, otsailaren 7an, "Bizitza zatiak: euskal literatura eta musika", literatura-irakurketak eta txistuaren doinuak uztartzen dituen emanaldia eskainiko dute Mariasun Landa idazleak eta Garikoitz Mendizabal musikariak. Sorbonne Nouvelle III Unibertsitatean izango da, arratsaldeko 17:00etan. Larunbatean, otsailaren 9an, ikuskizun bera emango dute Expolangues azokako Cloud aretoan, 13:30ean.

   Parisen Etxepare Euskal Institutuko euskara eta euskal kultura irakurle izandako Argitxu Camusek, berriz, "Euskara: Europako hizkuntzarik zaharrena?" euskararen jatorriaren eta ezaugarrien gaineko hitzaldia emango du ostiralean, otsailaren 8an, 13:15ean, Expolangues azokako Buzz aretoan.

   Azkenik, ostiralean baita, Mariasun Landak "Festa aldameneko gelan. Euskal ikasle baten autobiografia Parisen, 1968-1969" mintzaldia eskainiko du Parisko Cervantes Institutuan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.