Euskara sustatu eta hedatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Etxepare Institutuak eta Euskaltzaindiak

Elkarlanean ariko dira Etxepare Institutua eta Euskaltzaindia
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Actualizado: martes, 17 mayo 2011 18:14

DONOSTIA, 17 May. (EUROPA PRESS) -

Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenagak eta Euskaltzaindiako euskaltzainburu Andres Urrutiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur institutuaren Donostiako egoitzan. Akordioak bi erakundeen arteko lankidetzaren oinarriak ezartzen ditu, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegotik (EAE) kanpo euskararen sustapena, zabalkundea, ikerketa eta normalizazioa bultzateko.

Prentsaurrekoan Jose Luis Lizundia euskaltzain oso eta Etxepare Institutuko Zuzendaritza Kontseiluko kideak eta Mari Jose Olaziregi Etxepare Institutuko euskararen sustapen eta hedakuntzarako zuzendariak ere parte hartu dute, akordioak ikerketa eta argitalpen mailan izango duen garrantzia azpimarratuz.

Aizpea Goenagak nabarmendu du zuzentzen duen erakundeak Euskaltzaindia bezalako erakunde garrantzitsu eta prestigiodun baten lankidetza izateak duen garrantzia. "Euskaltzaindia euskararen alorrean zutabe bat da, aliatu naturala eta ezinbestekoa Etxepare Institutuarentzat", adierazi du, eta elkarlanak "emaitza oparoak" emango dituenaren ziurtasuna azpimarratu du.

Era berean, Goenagak gogorarazi du "bidaia lagunek" duten garrantzia, Etxepare Institutua beren lanaz baliatzen baita bere helburuak lortzeko. Zentzu horretan, adierazi du Euskaltzaindiarekin lan egiteak, 90 urteko historia duen erakundea izanik, "indarra eta prestigioa" emango dizkiola euskarari eta "nazioartean dagokion tokia". Gainera, elkarlanaren eskutik "euskararen pizkunde" berri batekin amestu du.

Andres Urrutiak bi erakundeen arteko lankidetzak euskararen arloan duen "esanahi berezia" nabarmendu du. "Bi erakundeetatik aspaldikoena,

Euskaltzaindia, euskararen erakunde ofiziala, 90 urteko lanaren protagonista eta bultzatzailea da, euskarari dagozkionetan. Bigarrena, Etxepare Institutua, euskalgintzaren barnean berriena da baina ez, horratio, eragin gutxienekoa", adierazi du.

"INDAR ELKARKETA"

Euskaltzainburuak euskararen arloan ardura handiak dituzten bi erakunde garrantzitsuren arteko "indar elkarketa" gisa laburtu du hitzarmena. "Bi-biek bat egiten dute euskararen mesedetan, biek ala biek ulertzen dutelako euren lana, elkarren osagarria ez ezik,

aberasgarria ere badela bientzat eta gainerakoentzat ere", esan du Urrutiak.

Urrutiak zuzentzen duen erakundea Etxepare Institutuko Patronatuko partaide hasieratik izateak eta euskaltzain bat Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluko partaide izateak horixe erakusten dute.

Bere ustez, zailtasunak-zailtasun, "lan egiteko garaia da", eta hizarmenak "berehalako ondorioak" izatea espero duela adierazi du, "gizartearen aldetik" dituzten erronkei erantzuteko. Hitzarmen honen aurrekaria, Urrutiaren esanetan, pasa den otsailean Aizpea Goenagak eta Mari Jose Olaziregik egindako Etxepare Institutuaren aurkezpena izan zen.

Gaur goizean sinatutako hitzarmenak, hiru urteko iraupena izango duenak, EAEtik kanpo euskararen sustapen, hedakuntza, ikerketa eta normalizaziorako bi erakundeen arteko lankidetza ahalbidetuko du. Lan hori bi erakundeen artean antolatutako ekintza, mintegi, ikastaro eta bestelako ekimenen bidez egingo da. Lankidetza honen fruitu dira euskara omentzeko bi erakundeek Madrilen antolatu nahi dituzten jardunaldiak, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearekin batean, euskara arlo akademikoan zein istituzionalean eta gizartean sustatzeko.

Halaber, Etxepare Euskal Institutuaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza hitzarmenak alor gehiago ere izango ditu kontuan. Bi erakundeek ikerketarako dituzten baliabideak erraztuko dizkiote elkarri, bereziki, artxibo eta liburutegien erabilera. Argitalpenei dagokionez, edizio bateratua bultzatuko da, eta ikerketarako interesgarri izan daitezkeen argitaratu gabeko lanak, tesiak edota beste lan batzuk, bien eskura jarriko dira.

Zentzu honetan, Jose Luis Lizundia euskaltzain osoak eta Etxepare Instituko Zuzendaritza Kontseiluko kideak esan du hitzarmen honek "ikerketa eta argitalpenen aldetik" elkarlana ahalbidetzen duela eta orain arte ez bezala, material asko, nazioarteko ponentziak, besteak beste, argitaratzeko aukera egongo dela.

Gainera, Mari Jose Olaziregiren esanetan, Etxepare Institutuak duen nazioarteko jardueraren eskutik aurkitzen den ondarea sailkatu eta gordeko du Euskaltzaindiak, hots, Birminghameko Unibertsitatean agertu den Larry Trasken fondoa edo Argentinan aurkitutako Pedro Mari Otañoren eskuz idatzitako gramatika. Era berean, Etxepare Institutuak bultzatzen duen irakurle sareak hitzarmenaren onurak nabarituko ditu, beren formakuntza linguistikoa berritzeko eta zabaltzeko ikastaroen bidez, adibidez.

Helburu horiek lortzeko bidean jartzeko, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzorde bat sortuko dute, erakunde bakoitzeko bi kidek osatuko dutena. Euskaltzaindiarekin sinatutako lankidetza hitzarmena Institutuak, sortu zenetik, sinatutako laugarrena da. Lehenago EITB, Cervantes Institutua eta Euskadiko Filmategiarekin sinatu ditu hitzarmenak.