Euskara sustatzeko hitzarmena sinatu dute Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta EEPk

Hitzarmena sinatu duten erakundeetako ordezkariak
IREKIA
Actualizado: lunes, 3 julio 2017 10:12

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak EEP) euskara sustatzeko hitzarmena sinatu dute astelehen honetan, Iruñean. Akordioaren bidez, hiru herri erakundeek hizkuntza politikan lankidetza bultzatuko dute bost esparrutan.

Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak eta Mathieu Berge Iparraldeko Euskararen Bulego Publikoko presidenteak sinatu dute lankidetza hitzarmena, Nafarroako Jauregian.

Hitzarmenak Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak Nafarroari martxotik eskaintzen dion lankidetza bidean sakontzen du, eta, Ollok adierazi duenez, "elkarrekiko lankidetzari jarraituko dio, bikoiztasunak, beharrezkoak ez diren gastuak saihesteko eta eraginkortasunik handiena lortzeko".

Halaber, Zupiriaren hitzetan, "hitzarmena sinatzen duten hiru administrazioak euskara hitz egiten den eremuan politika publikoak kudeatzen dituzte". Lankidetza "oso era naturalean" ikusten duela aipatu du. "Gure hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko balioko du. Lankidetzarako esparru oso zehatzak daude, eta hitzarmenak hauetan sakontzea ahalbidetuko du", azaldu du.

Gainera, Mathieu Bergek "hizkuntza politika mailako lankidetza berria" nabarmendu du, "euskararen transmisioa eta erabileraren sustapenerako ezinbestekoa" dela azpimarratuz. Europar finantzabideek eta bereziki POCTEFA ekintza programa berriak hizkuntza politikaren erronka berriak kontuan hartu behar dituztela adierazi du.

AKORDIOA

Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak sinaturiko dokumentuak ez du ekarriko inolako betebehar ekonomikorik, eta lankidetza teknikoko bost esparru ezarriko ditu. Helduentzako euskararen hezkuntza eta irakaskuntzari dagokionez, besteak beste, irakasleen eta ikasleen mugikortasuna eta trukeak, helduendako irakaskuntza curriculuma garatzea eta irakasleen berariazko prestakuntza sustatuko dira.

Gainera, EAEk, Nafarroako eta Iparraldeak hizkuntza gaitasun mailak ebaluatzeko probak eta sistemak prestatuko dituzte, eta hirurek emandako tituluak elkarri aintzatetsiko dizkiote. Bestalde, eskola esparrutik kanpo, neska-mutilentzako aisialdiko jarduerak eta trukeak sustatuko dira euskararen erabilera bultzatzeko. Halaber, hiru alderdiek ingurune digitalean dauden informazioak trukatuko dituzte.

Hitzarmenak euskararen eta gogoeta eremuen sustapena ere barne hartzen du, hiru alderdiek koordinatutako sustapen programen bidez eta gogoeta egiteko eta ezagutzak partekatzeko eremuak sortuz. Hitzarmenaren bidez, egindako ikerketa soziolinguistikoen barruan lortutako eta bildutako datuak ere bateratuko dituzte elkarrekin. Bestalde, beste ikerketa bide batzuk proposatuko dituzte euskararen egoera zein den jakiteko.

Azkenik, harreman estua ere aurreikusten du hitzarmenak, Europako finantzazioek eta POCTEFA programa berriek hizkuntza politikaren erronkak kontuan har ditzaten.