Euskarak Europan leku bat izan behar duela aldarrikatu du Jaurlaritzak NPLD sarearen bileran

NPLD sarearen bileran izan diren arduradun politikoetako batzuk
IREKIA
Actualizado: jueves, 24 mayo 2018 17:37

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran NPLD (Network to Promote Linguistic Diversity) hizkuntza dibertsitatea sustatzeko Europako sarearen bileran izan da ostegun honetan, Valentzian, eta euskarak Europako proiektuan leku bat izan behar duela aldarrikatu du.

Estatuetako eta eskualdeetako nazioarteko hainbat ordezkari, unibertsitate eta hizkuntza dibertsitatea kudeatzen diharduten elkarte ez ezik, hizkuntza propioa duten Estatuko erkidegoetako hizkuntza politiketako arduradunak ere izan dira bileran.

NPLDren helburua da kontzientziatzea "hizkuntza dibertsitatearen garrantziaz, europar guztiek partekatzen dugun balioa, Europako instituzio gorenen babesa eta sustapena behar duena". Helburu hori lortzeko, Europako Batzordearekin, Parlamentuarekin eta Kontseiluarekin dihardu lanean NPLDk eta, erakundetik diotenez, "zubi bat da instituzioen eta hizkuntza sustapenean espezializatutako eskualdeetako departamentuen artean, jardun egokiak eta esperientzia arrakastatsuak trukatzeko helburuz ere elkar lotuak".

Dobaranek halako foroetan lan egiteak duen garrantzia nabarmendu du, "euskararen lekua eta ospea gure mugetatik harago bultzatzeari begira". "Garrantzizkoa iruditzen zaigu euskara defendatzen dugun instituzioak halako foroetan egotea, kontuan hartu behar baita beren jardute lerroak bat datozela Europako Batzordearen lanarekin. Euskarak leku bat izan behar du Europako proiektuan, eta hizkuntza politikako arduradunok lanean jardun behar dugu euskararen protagonismoa eta prestigioa indartzeko", adierazi du.

Europako leku desberdinetan hizkuntza propioek bizi duten egoeraren inguruan eztabaidatu den Hizkuntzen Nazioarteko II. Azoka egiten ari da aste honetan Valentziuan, eta NPLDren bilerak horrekin bat egin du. Dobaranekin batera, Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria ere izan da Valentzian.