Euskararen arnasguneen babesa aztertuko dute Donostian

Ezkerretik eskuinera: Etxeburua, Bilbao, Belaustegi eta Fernandez de Betoño
Foto: UEU
Actualizado: jueves, 15 enero 2015 13:37
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 15 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAk, Kontseiluak eta UEUk "Hizkuntza eta Lurraldea. Erronkak & Tresnak" jardunaldia antolatu dute bigarrenez. Iaz egindako topaketan hirigintza proiektuek hizkuntzarengan duen eragina frogatu zen, eta aurten, pauso bat aurrera eman eta euskararen arnasguneak babestea ez ezik, "bihotzgune ezinbesteko horiek zabaltzea ere helburu duten ekimenei aterki juridikoa emateko oinarriak" aztertu nahi dituzte.

   Topaketak otsailaren 5 eta 6an egingo dira, Donostian, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Carlos Santamaria zentroan. Matrikula doakoa da eta izena emateko: www.ueu.eus webgunera jo behar da.

   Jardunaldia aurkezteko prentsaurrekoa eskaini dute Donostian Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, Maren Belastegi UEMAko lehendakariak eta Unai Fernandez de Betoño UEUko zuzendaritzako kideak.

   Horrela, iazko jardunaldiaren edukiak aurtengoaren abiapuntu izan direla azaldu dute aurkezpenean, hala nola paradigma berriak eraikitzea, euskal komunitatea osorik babesteko eta indarberritzeko;
politika publiko guztietan hizkuntzaren zeharlerrotasuna kontuan hartzeko eskakizuna administrazio guztiei; azterketa kuantitatiboak eta kualitatiboak egiteko beharra, herri euskaldunetan euskarak bizi duen egoeraz eta euskararen garapenean eragiten duten aldagaiez.

   Halaber, hizkuntza politika territorializatzea, alegia, lurraldetasun printzipioari begira jartzea eta gaia Euskal Herriko politikaren agendan sartzea; atzerriko herrialdeekin harremana lantzea, eredu teoriko eta praktiko eragingarrien bila; gaia gizarteratzeko beharra; eta ELE (Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa) izeneko tresna definitu eta bigarren jardunaldi batzuetan aurkeztea landu zituzten iaz.

   Aurtengo jardunaldiaren erronkei eta helburuei dagokienez, iazko ondorioetan oinarrituz, lurralde antolakuntzan hizkuntza irizpideak txertatzeko erronka eta tresna zehatzei buruz jardungo dute parte hartzaileek, eta euskararen egungo legezko marko juridikoa aldatzeko beharra aztertuko.

   Halaber, udalerri euskaldunen egoera sozioekonomikoa eta izan duten bilakaera soziolinguistikoaren inguruan egindako azterketa interesgarriek eskainiko dute horretarako oinarria. "Egindako ibilbidearen azterketatik abiatuta, egungo egoeran kokatuz, aurrerantzean euskara sustatzeko bide berri eta eraginkorrak ireki nahi dira, horrela", azaldu dute.

   Gainera, urbanizazio prozesu desorekatzaileen aurrean euskaldunon habitatak duen hauskortasunaz hausnartuko da, bai eta eragin kaltegarri hori ekidin egiteko hartu beharreko neurri juridiko, urbanistiko eta linguistikoez ere. Euskaldunon habitata babeste aldera, pertsonaltasun printzipio juridikotik lurraldetasun printzipiora doan jauziaz ohartaraziko da.

EGITARAUA

   Jardunaldia bost ataletan banatuko da. Lehenean, udalerri euskaldunek euskararen normalizazio prozesuetan duten garrantzia aztertuko da. Horretarako, UEMAk bere herrietan egin berri duen azterketa soziolinguistiko eta sozioekonomikoa aurkeztuko du; Soziolinguistikako Klusterreko Iñaki Iurrebasok aurkeztuko du azterketa soziolinguistikoa, eta, Gaindegiko Imanol Esnaolak, azterketa sozioekonomikoa.

   Bigarren atalean, euskararen lege aterkiaz arituko dira, lurralde antolakuntza ahaztu gabe. Lurraldetasun linguistikoaren zuzenbideaz arituko diren hiru adituk parte hartuko dute: Kataluniako Xavier Vila eta Eva Pons, eta Euskal Herriko Iñigo Urrutia; guztia, Kontseiluko Paul Bilbaok moderatuta.

   Hirugarren atalean, diziplina ezberdinetako hainbat esperientzia ezagutuko dira, "aurpegi ugariko arazo poliedriko batetaz ari garela argi erakusteko". Horrela, DOT-Desazkunde taldeko Iratxe Arriola, EHUko Igor Ahedo, Obra Cultural Balear kultur elkarteko Caterina Canyelles, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria eta Ekoguneko Itsaso Olaizola entzuteko parada izango da.

   Laugarren atalean, Eragin Linguistikoa Ebaluatzeko tresna berria aurkeztuko da, eta UEMAko, Artez aholkularitzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko adituek azalduko dute. Azkenik, bosgarren atalean, batzorde akademikoko lau kideek jardunaldiak emandako ondorioak eta etorkizunerako erronkak definitzen saiatuko dira.